IRRATIA

«Ez nuen espero estilo klasikoan garaipena lortzea»

Imanol Rojo iraupen-eskiatzaile tolosarrak garaipena lortu zuen larunbatean Europako Kopan. Estilo klasikoko 15 kilometroko proban gailendu zen Formazzan (Italia) jokatutako lasterketan. NAIZ irratian izan da tolosarra eta estilo klasikoan irabaztea ez zuela espero aitortu du.

Imanol Rojo, erdian, Italian Europako Kopan irabazi eta gero. (BASQUE TEAM)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Imanol Rojo tolosarrak Europako Kopari dagokion estilo klasikoko 15 kilometroko proba irabazi du larunbat honetan. Bere lehen garaipena zirkuitu honetan gipuzkoarrarentzat. Formazzan, Italian, jokatutako lasterketan tolosarrak lehen postuan bukatu zuen, Andorrako Ireneu Esteve Altimiras eta Suitzako Ueli Schnider lehiakideen aurretik. NAIZ irratian izan da iraupen eskiatzaile tolosarra, ez zuen espero estilo klasikoan irabaztea, baina lortutakoarekin «oso pozik» agertu da. Kontuan hartu behar da Rojo dela Espainiar estatuko lehen atleta estilo klasikoan garaipena lortzen.

Iaz bere denboraldirik onena sinatu zuen Rojok, baina aurten ere sekulako hasiera eman dio denboraldiari. Hala ere, azken asteetan material aukeraketarekin ez dela gustura ibili aitortu du, baina azken aste honetan «dena ondo» atera dela adierazi du.

Bestetik, urteko helburu nagusia Obertsdorfeko Munduko Txapelketa dela azaldu du, eta lortutako garaipen honek motibaziorako balio duela datorrenari begira. Gainera, kontuan izan behar da denboraldi honetatik aurrera Munduko Kopako probak puntuatzen hasiko direla Beijing 2022ko sailkapenari begira. Begiak ere hor jarrita ditu tolosarrak. «Orain etxean atseden hartu, familiaz gozatu eta haize pixka bat hartzeko unea da datorrenari begira», gaineratu du Rojok.