Maite Mutuberria: «Ezetz esatean, zure buruari bai esaten diozula ohartzea ederra da»
Maite Mutuberria ilustratzailea gonbidatu dugu kultur tartera. Bere lanaz eta ofizioaren ikuskeraz aritu gara. Besteak beste, esan digu atsegin ez dituen proiektuei ezezkoa ematea askatzailea dela, ezezkoaren atzean norberari egiten zaion aitortza bat gordetzen delako.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
'Amaren intxaurrak' , 'Joemak eta Polasak', 'Arbolidades' edota 'Istorioen zooa' dira Maite Mutuberriaren ilustrazioak ikus ditzakegun azken lanetariko batzuk. Ilustratzaile nafarraren lan egiteko modua eta ofizioa ulertzeko modua, bere begirada ezagutu nahi izan dugu kultur tartean.
Marraztea, hain gauza naturala, haurtzaroan plazeretik bizi duguna, zein unetan bilakatzen den muga galdetuta, «marrazkiak errepresentazio errealistak izan behar dutela barneratzen hasten garenean» erantzun digu Mutuberriak. Berak asmatu du ordea, zurruntasun horri ihes egin eta plazeraren plazerez marrazten jarraitzen. Nahiz eta ez den gauza bera norberarentzat marraztea, edo mandatuz besteentzat marraztea: «besteentzat marraztean estereotipoak gehiago jarraitzen ditut, niretzat marrazten dudanean askeago aritzen naiz, ez nituzke sekula nire koadernoak erakutsiko!» esan digu ilustratzaileak, marrazki aske horietatik hartzen baditu ere sarritan gero bere lanetan erabiltzen dituen ideia berritzaileenak.
Lanbidean izandako hastapenez hitz egin dugu, gustuko ez diren lanak ere egin beharraz, eta hauei ezezkoa ematen ikastean batek hartzen duen lasaituaz:«gustukoa ez duzun lan bati ezekoa ematean, zure buruari baietz esaten diozula jabetzean, sekulako lasaitua hartzen duzu, eta denbora hori benetan maite dituzun gauzak egiten ematen duzu».