IRRATIA

«Liga honela gauzatzea bideraezina da»

Helvetia Anaitasunak larunbatean du hurrengo hitzordua Huescaren aurka. Hiru garaipen jarraian lortu ostean, azken bi partidak galdu dituzte nafarrek, azkena aurreko asteazkenean Cuencan. Pandemia Asobal Liga gogor kolpatzen ari den honetan, sailkapenean 10. postuan da une honetan Iruñeako taldea 10 punturekin. NAIZ irratian izan dugu Aitor Garcia Helvetia Anaitasunako jokalaria eta liga egoera honetan jokatzea «bideraezina» dela aitortu du.

Anaitasunak Cuencan galdutako azken partidan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Datorren larunbatean, hilak 28, jokatuko du Helvetia Anaitasunak hurrengo norgehiagoka. Huescaren aurka jokatuko dute nafarrek pasa den asteburu honetan atseden izan ostean, Sinfinen aurkako partida atzeratua izan baitzen. Hiru garaipen jarraian lortu ostean, azken bi partidak galdu dituzte, azkena aurreko asteazkenean Cuencan. Une honetan 10. dira sailkapenean 10 punturekin, pandemia Asobal Liga gogor kolpatzen ari den honetan. Sailkapen nagusia begiratu besterik ez dago, Bartzelona liderrak 12 partida jokatu ditu, Saguntok, esaterako, 7 jokatu dituen bitartean. Aitor Garcia Helvetia Anaitasunako jokalaria izan dugu gurean eta dio «bideraezina» dela egoera honetan denboraldia amaitzea.

Bestetik, Anaitasunaren egoerari begira, nahiz eta azken bi partidak galdu «taldeko sentsazioak onak» direla azaldu du Garciak, etxean ondo dabiltzala azpimarratuz. Zaletuen falta ere asko nabaritzen dela aitortu du Anaitasunako jokalariak, eta alor pertsonalean, Asobal Ligako bere lehen denboraldia den honetan, «oso pozik» dagoela aitortu du. «Minutuak izaten ari naiz eta entrenatzailearen konfiantza dut», dio Garciak.