Bakartxo Ruiz [EH Bildu]: «Ez dut ondo ikusten militar bati nire gertuko harremanen berri eman behar izatea»
Nafarroan Covid-19ak sortutako egoera hobera egiten ari dela dirudi, baina Nafarroako parlamentuan EH Bilduren bozeramaile Bakartxo Ruizek Naiz Irratian gogoratu du kontu handiz ibili behar dela oraindik. Pandemiaren aurrean Nafarroako Gobernuaren kudeaketa kritikatu du eta detekzioa eta rastreoa ezinbestekoak direla gogoratu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Atzoko datuek argia erakutsi bazuten ere, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak aurreratu du gaurkoak ez direla hain onak izango. Bakartxo Ruiz Informazioaren Harian izan da eta berak ere kontu handiz jarraitu behar dela gogoratu du.
«Iruditzen zaigu gobernuarekiko kritiko izan beharra dagoela». Ruizek gaineratu du euren sentsazioa gobernuarekiko ez dela ona. Entsegu hutsa dela ere esan du. «Nafarroako Gobernua une hauetan ez da gai herritarrei erantzukizun indibidualak zeinen garrantzitsuak diren adierazteko». Kudeaketari dagokionean er, akats asko daudela adierazi du. «Ez da posible herritar batek sintomak izan eta horretarako ahalbidetutako telefonora birritan deitu eta inork telefonorik ez hartzea».
Identifikatutako beste akatsetako bat behatzaileekin lotutakoa da. Ruizek azaldu du ez dagoela behatzaile nahikorik kasuei jarraipena egiteko. Gobernuak ere hortaz jabetuta Espainiar Estatuko militarrei eskatu die laguntza. «Uste dugu Foru Administrazioak badituela horretarako egokiak diren behar bezain beste langile». Gaineratu du ez duela imajinatzen Nafarroan kasuen jarraipenak egiten dituzten Refenatik militar bati telefonoz bere inguruko kontaktuen berri ematea.
Betikoak krisiaren ondorioak ordaintzen
Ekonomiari dagokionean, EH Bilduk atzo aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan diru sarrerak indartzeko proposamena. Baliabide ekonomikoen beharra azpimarratu du Ruizek. «Bi alternatiba daude: murrizketak egin edo diru sarrerak handitu». Gaineratu du batzuk oso tematuta daudela zorpetzearekin eta herritarrei horrek dakartzan ondorioak ezkutatzea leporatu die. «Moldaketak eginez margen handia dagoela uste dugu».
Atzo Nafarroan erregistratu ziren lurrikaren ostean, berriz, EH Bilduk Espainiako Kongresura eraman zuen gaia horren inguruko azalpenak eskatzeko. Ruizek gogoratu du bereziki lurrikarek azpiegitura handietan sor ditzaketen kalteek eta hondamendiek kezkatzen dituztela. «Esa edo Itoizko urtegien inguruan zerbait gertatzeak kezkatzen gaitu batez ere».