Amale Arzelus, irratian euskaraz egin zuen lehen emakumea
1916an geratu ginen aurrekoan Katalin Elizegirekin. Urte oparoak izan ziren horiek, «euskal antzertia» rentzat, bai, «antzertia», hala deitzen zioten antzerki munduari. Olatz Beobiderekin denboran atzera egin dugu eta, besteak beste, «Antzerti» aldizkari espezializatuaren berri eman digu, baita garai hartako antzerki lehiaketak nola egiten ziren kontatu. Ander Artzelus ere gogoratu dugu, berak bultzatu zuen euskarazko lehendabiziko irratsaioa, 1932an izan zen hura. Haren alaba Amale Arzelus izan zen irratian, euskaraz, hitz egin zuen lehen emakumea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
1924an sortu zen Amale Arzelus Donostian. Ander Artzelus aitak prestatutako hitzaldiak ematen zituen eta irratian euskarazko testuak irakurri, zortzi urterekin. Aitak berarentzat idatzitako antzezlana ere egin zuen, 'Neskamearen marmarrak'. Poxpolinekin ibiltzen zen dantzan eta antzerkia egiten, Ramon Laborda apaizarekin. Baina gerrak dena aldatu zuen: ihesi joan behar izan zuten. Lehenengo Zarautzera, handik Debara, gero Lekeitiora eta Bilbora. Habana itsasontzian Frantziara joan ziren ama eta lau seme-alabak, eta ondoren Iparraldean bizi izan ziren, Azkainen. Hala kontatu zuen ahotsa.eus-en.