Eneko Aldana [Ziburu Bizi] «Abertzaleekiko beldur mezuek gero eta zailtasun gehiago dute jendearengana iristeko»
Abertzaleek, ekologistek eta sozialistek babesturiko Ziburu Bizi hautagaitzak aukera handiak ditu igandeko hauteskundeetan garaipena lortzeko. Eskuinaren hiru legegintzaldiri amaiera eman liezaioke Eneko Aldana buru duen hautagaitzak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Udal hauteskundeen bigarren itzulia egingo da ekainaren 28an Ipar Euskal Herrian. Koronabirusaren ondorioz martxoaren 15ean egin zen lehen itzuliaren ostean, etenda gelditu zen hauteskunde prozesua. Igandean osatuko dira lehen itzulian osatu gabe geratu ziren udalak.
Ziburun historikoa izan liteke hitzordua, abertzaleek, ekologistek eta sozialistek babesturiko Ziburu Bizi hautagaitza gailendu baitaiteke. Lehen itzulian bozken %44 lortu zituen. Bigarren lekuan geratu zen Isabelle Dubarbier, Guy Paulou orain arteko alkate eskuindarraren ondokoak bozken %17 lortu zituen.
Eneko Aldanaren esanetan atzean ikusten dute euren burua Dubarbierren zerrendakoek eta horregatik azken egunetan abertzaletasunarekiko beldur mezuak zabaltzen saiatu dira. Mezu horiek, edonola, gero eta bide motzagoa dutela baieztatu du. Hala, igandean alkate izateko aukera handiak ditu Aldanak.
Ziburun arazo nagusiena etxebizitza dela baieztatu du. Datu larri bat jarri du mahai gainean: Ziburuko etxebizitzen %45 bigarren etxebizitza dira. Ez da Zibururen arazo esklusiboa, Lapurdiko kostaldeko herrietan errepikatzen dena baizik.
Eskuina 20 urtez izan da Ziburuko Herriko Etxearen buru. Zer gertatu da? Aldanaren esanetan kudeaketa kaxkarra egin du eskuinak, bereziki azken urteetan, eta ez die herritarrei entzun.