Aitor Etxebarria: «Soinu-estetikan zentratu dut batez ere nire lana»
Musika garaikidean murgilduta dabil azkenaldian Aitor Etxebarria musikaria. Pelikula bateko eta besteko soinu bandak egiten dabilen bitartean, denbora atera du 'Beste Bat' saioak egiteko eta baita 'MusikHaria' bisitatzeko ere. Lanpetuta dabilen arren, musikak bizi duela argi utzi digu gernikarrak. 'Nihilism Part 1.' diskoa kaleratu berritan, kontzertuen geldialdian, etengabeko ikasketan murgilduta dago Etxebarria.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Elektronika munduan ezagutu genuen askok Aitor Etxebarria (Gernika, 1985). «'El_Txef_A' bezala oso garai onak izan nituen eta oso gazte hasi nintzen munduari biraka. Baina, 17-18 urterekin egiten nituen gauzetatik orain egiten dudanera aldaketa handia dago. Soinu-estetikan badira lotura asko, baina orain egiten dudana musika klasikotik gertuago egon daiteke. Entzuleak despistatzen ditut» hasi da kontu-kontari musikaria.
Piano ikasketak egiten hasi zen Etxebarria, gero zine ikasketak egitera pasa, eta, horiek bukatzean, piano eta perkusio karrera egiten hasi zen; nahiz eta bertan behera utzi zituen ikasketa haiek. «Ikasi, ikasi dut; baina ez naiz piano-jotzailea edo perkusionista. Frekuentziatan eta soinu-estetikan gehiago zentratu dut nire lana» aipatzen du gernikarrak.
Musika elektronikoan hasi zenean, Etxebarriak dio «arraroa» zela orduan bakarrik aritzea. Mundu guztiak musika taldetan aritzen zirela eta bera lekuz kanpo bezala zegoela. «Zorionez, hori aldatu da eta musika elektronikoak bere bidea egin du. Oraindik ere deitzen didate ziztadak egiteko eta zalantzak izaten ditut. Oso bestelako gauzetan nabilenez, mezu pila bat jasotzen ditut asteburuetako emanaldien aurretik ea zer egingo ote dudan galdetuz. Baina tarteka ziztadak egitera joaten naiz, izugarri maite baitut. Lehen %100 nengoen 'El_Txef_A' moduan eta orain Aitor Etxebarria bezala nabil konposatzen, pelikuletan, dantza garaikideko obratan… desberdina da, baina ederra», gaineratu du Etxebarriak.
Markak dokumentala izan zen inflexio-puntua eta urte askotan ondutako diskoa izan da 'Nihilism Part 1.' diskoa. «'Markak' dokumentalarekin espero ez nuen tokietara iritsi nintzen, bestelako aretoetara. Hala, nire ibilbidearen fokua tokiz aldatu nuen eta, bide horretatik jarraituz, 3-4 pelikulatako soinu banda egiten nabil egun» kontatu digu Etxebarriak.
'Primavera Sound'-en zigiluarekin, 'El Segell del Primavera'-rekin, atera du Aitor Etxebarria moduan lehen diskoa eta horrek «ate asko irekitzeko aukera» ematen duela dio gernikarrak. «Egia esanda, kontratu interesgarria eskaini zidaten. Baldintza onak zirelako eta nik nahi nuena egiteko askatasuna mantentzen dudalako», nabarmendu du.
Doinu ilunetan murgiltzeko joera du bere musikan Etxebarriak: «Musika iluna egiten dut eta askok uste du harmonia tristeak konposatzen dituena triste bizi dela. Nik uste dut guztiok ditugula iluntasun uneak eta hori onartuz egiten dut. Niri, nahiz eta pozik egon, musika alaia egitea ia ezinezkoa egiten zait» gaineratu du gernikarrak.
Baina, 'Beste Bat' saioetan, gogoko duen musika ekarri digu. «Euskal musikari eman nahi izan diot balioa. 'Bandcamp' miatu, gogoko kantuak erosi eta hori jarri dut nire saioetan. Eta, bide batez, asko ikasten ari naiz. Bigarren saioan, nire etxeko, Gernikako artisten inguruan aritu naiz. Mugimendu handia daukagu musikaren bueltan eta hori erakutsi nahi izan dut» kontatu digu Etxebarriak.
Orain arte egindakoak eta kantuen zerrendak, webgune honetan bertan daude entzuteko moduan.