IRRATIA

«Ekimenaren helburua euskal musika taldeei eta euskal musika industriari laguntzea da»

NAIZ kontzertuak formatua aldatuta datoz bueltan. Asier Iñigo NAIZeko marketin arduradunak aletu ditu aldi berri honen puntu nagusiak.

NAIZ KONTERTUAK

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


NAIZek kontzertu bereziak eskainiko ditu Euskal Herriko sala ezberdinetatik. Ekimen honen helburua euskal musika taldeei eta euskal musika industriari laguntzea da, eta horretarako ikusleek ordaindu egin beharko dute kontzertuaz gozatu ahal izateko. Ekainaren 5ean hasiko dira kontzertuak, lehenengoa Gatibu taldearen eskutik. Xehetasun gehiago izateko gurean izan da Asier Iñigo Naiz Irratiko marketin arduraduna.

Iñigok azaldu du konfinamendu garaian musikariei laguntza emateko modua hausnartu zutela eta hainbat talderekin hitz egin ostean zehaztu dutela «pay per view» eran garatuko den ekimena. 

Taldeen jarraitzaileek euren babesa adierazteko modua izango dute, beraz, «babes ekonomiko bat emanez, pay per view edo sarrera ordaintzearen bidez». Aipatu du taldeei «eszenatoki txukun bat eta kalitatezko eta produkzio on bat» ematea dela asmoa. «Bi produktorekin ari gara lanean, bai ikus-entzunezkoetan, bai musika munduan esperientzia asko dutenak, honela taldearentzat eta ikuslearentzat ikuskizun txukun bat emateko». Foku eta Taom dira horiek.

«Kanpaina honekin adierazi nahi duguna da, taldeei eman digutena itzultzeko momentua dela. Ez dugu guzti hori itzuliko, baina bai dela keinu bat. Gu ere hemen gaude taldeei laguntzeko», dio Iñigok. Nabarmendu du musika taldeak beti egon direla elkartasun momentuetan laguntzen eta orain beraiei itzultzeko unea dela. «5 euroko prezio sinboliko bat jarri dugu eta horrekin online bidez ikusteko aukera izango da». 

Sektoreak bizi duen egoera gogorra gogoratu du Iñigok, «ostalaritzarekin saiatzen ari gara beste gauza batzuk egiten. Jendea animatu nahi dugu tabernetara joatea. Musikarik gabe gure kultura ezin da ulertu, ba tabernarik gabe ere ez», dio Naizeko marketin arduradunak. Zentzu horretan, ikustaldi kolektiboak ere sustatu nahi dira NAIZ kontzertuetan, eta hainbat tabernekin hizketan ari dira, «kontzertua eskaini nahi duten taberna horiei sarrerak eman eta jendea bertara joan dadin. Asmoa da, kontzertua emitituko duten taberna guztien zerrenda bat egitea iragarkien bidez, jendeak jakin dezan non ikusi dezakeen edota bertara pote bat hartzen ere kontzertua ikustera joateko». 

Expolioa 

Bestetik, harpidetzen inguruan, Iñigok esan du «oso pozik» daudela, «oso gertu gaude markatu genuen helburutik, 10.000 harpidetzetatik. Bi milioi ordaindu ditugu eta orain krisi honen erdian, milioi erdia ordaindu ahal izan dugu. Oso eskertuta gaude jendeari harpidetzen bidez planteatu genuen eskema horri erantzun diolako. Horren bidez zorra ordaintzea ez ezik, gure proiektu komunikatiboa ahalik eta indartsuena eta eraginkorren izatea ere lortuko dugu. Hau ezinezkoa litzateke harpidedunen ekarpenik gabe».