«Euskalduna den ororen aurkako gorrotoak hor segitzen du»
Andoni eta Ander aita-semeak Madrilen izan ziren asteburuan Realaren partida ikusten. 24 urteko zale txuri-urdin baten aurkako erasoa ezagutu ostean eurekin hitz egin dugu larunbatean Santiago Bernabeun bizitakoa ezagutzeko.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
«Sartu ginenerako Realekoak kantu giroan ari ziren, eta berehala hasi ziren gure atzetik batzuk oihuka 'vascos hijos de puta' eta 'terroristas' esanez». Larunbatean Real Madril - Reala partidara joan zirenetako bi dira Andoni eta Ander aita-semeak, «euskaldunekiko gorrotoa» eta pasa zuten «beldurra» izan dituzte hizpide NAIZ Irratian. 24 urteko gazteak jasandako erasoak ez dituela harritu adierazi dute.
Lehen unetik euskaldunen aurkako oihuak izan ziren Santiago Bernabeun, «vascos hijos de puta«, «terroristas» eta «hortik aurrera denetik». Partida hasi eta gutxira bospasei lagun jarri omen zitzaizkien inguruan, Ander semeak sinbologia faxista atzeman zien eta gurasoei kasu egiteko gomendioa eman. «Hortik aurrera isilik egon ginen», gogoratu du Andoni aitak, «euskaraz hitzik ere egin gabe, ezer esatekotan gazteleraz, nongoak ginen ez zezaten antzeman».
Andoniren ustez «nabarmen geratzen da hor badela jende kopuru bat euskalduna den guztiari gorrotoa diona»; Anderrek nabarmendu du «90. hamarkadan zabaldu zen gorroto horrek hor segitzen duela, Aitor Zabaleta hil zuten orduan, bere aurkako oihuak ere izan ziren larunbatean».
Babesik ez
Beldurra izateko beste arrazoietako bat poliziaren eta segurtasun arduradunen jarrera izan zen, «beraien artean agurtu egiten ziren, ezagunak edo ziren... Beraz, zalantza genuen, ezer gertatuta ere horiengana joatea ba, ez dakit ba...»
Andoni garbi du ez dela joango berriro Realaren partida bat ikustera Madrilera, Ander semea bai, «nik ez diot Reala kanpoan ikusteari utzi nahi».