IRRATIA

Iratxe Azkue [LAB Bizkaia Metala]: «Mehatxuak alboratu eta sektoreari duintasuna emateko garaia da»

Sindikatu guztiek deituta, bost eguneko greba hasi dute gaur Bizkaiko metal arloko langileek. Erantzunarekin «oso pozik» mintzatu zaigu LABeko Bizkaiko Industria Federazioko arduradun Iratxe Azkue. Hamasei urte dira hitzarmena ez dela berritu eta sektoreko lan baldintzak hobetzeko «borrokan» ari dira langileak.

Bizkaiko metalgintzako langileen mobilizazioa, lan-hitzarmena berritzeko aldarriarekin.(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Erantzun zabala ari da izaten Bizkaiko metaleko greba. Sektoreko sindikatu guztiak bat eginik jarraitzen dute eta amore emateko prest ez daudela esan digu Iratxe Azkuek, LAB sindikatuko Bizkaiko Industria Federazioko arduraduna.

Salatu du goizean goizetik piketeek presentzia polizial ikaragarria izan dutela. Lakuako Gobernuari zuzendu zaio Azkue: «piketeengatik kezkatuta daudela dirudi, baina non daude langileen eskubideak defendatzeko momentuan?»

Halaber, greba egiteagatik langileak «kaleratzen eta mehatxatzen» ari dira enpresariak LABeko kidearen esanetan. «Jarrera horren aurrean, amore emateko prest ez gaude», gehitu du.

Esan digunez, «etsita» atera ziren pasaden astean patronalarekin egin zuten bileratik. «Oso harroputz» daude langileekiko Azkueren irudikoz. Oinarrian, Bizkaiko metalgintzako lan baldintzak hobetzea eskatzen dute: subrogazioa, behin behinekotasuna gutxitzea, lan osasun zein genero berdintasuna lortzeko neurri eraginkorrak eta ETT bidezko kontratuak aldatzea, besteak beste. «Metaleko sektorean prekarietatea instalatu da, eta honen arrazoi nagusia orain 16 urte sinatutako hitzarmena indarrean dagoela da», salatu du sindikatuko ordezkariak.

Batasun sindikala izugarria da lan gatazka honetan. Mobilizazioa ekiditeko, sektoreari «duintasuna» emateko eskatu dio patronalari Azkuek. «Bada garaia, patronalak bere aberastasuna banatu eta baldintza duinak jartzea» amaitu du LABeko Industria Federazioko Bizkaiko arduradunak.