Zuzenean
Lau urtetik gorako haurrei zuzendutako antzezlanak Sorkun eta Ekine ditu protagonista. Bi pertsonaiak ganbaran elkartzen dira, «Sorkuntza Garrantzitsuen Laborategia» izeneko espazioan, asmakizunak eta mundu berriak sortzeko. Baina haien irudimenaren aurrean Ilun Jauna agertuko da, sorkuntza horien argia itzaltzeko asmoz.
Gorostiagak azaldu duenez, antzezlanaren atzean badago osagai autobiografikorik ere: «txikitako oroitzapenak, nire izebaren pertsonaia, ni ere izan naiz Ilun Jauna noizbait...». Hortaz, fikzioaren bidez, gertuko bizipenak eta pertsonaiak ere ekarri ditu agertokira.
Sorkuntza-prozesuari dagokionez, Gorostiagak aktoreen parte-hartze aktiboaren garrantzia azpimarratu du. «Aktorea ez da plastilina puska bat, sortzailea ere izan behar da», adierazi du. Haren ustez, antzezleen ekarpena funtsezkoa da antzezlanaren eraikuntzan.
Bestalde, ekoizpenaren erronketako bat antzezlanak eskatzen duen aktore kopurua eta muntaketaren mugikortasuna izan dira. «Bost aktore dituen antzezlan bat mugitzea oso zaila da», aitortu du Gorostiagak. Hala ere, lan-prozesuaren esperientzia positiboa izan da taldearentzat. Jon Barbarinek, bere aldetik, oso eroso sentitu dela nabarmendu du: «Oso erraza izan da lan egitea, oso eroso sentitu naiz».
Lana haurrei zuzenduta dagoen arren, helduentzako irakurketa eta keinuak ere badituela azaldu du Gorostiagak. «Helduentzako keinuak daude, bereziki memoria egindako keinuak», esan du. Horrela, antzezlanak adin desberdinetako ikusleei hitz egin nahi die, umorea eta hausnarketa uztartuz.
Marina López Onrubiak ere ideia hori azpimarratu du. Haren hitzetan, «hausnarketaren bat eragingo digun antzezlan dibertigarria da, testuinguru honetan bereziki, denok nahi dugu mundu berri bat».


