Zuzenean
Alain Gutierrez Ortiz (Bilbo, 1995). Txikitatik izan du musikarekiko lotura. 4 urte zituenetik dantzaria, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldean. Urte askotan, Bilboko hainbat eskoletan euskal dantza irakaslea. 6 urterekin txistua jotzen hasi, gerora dultzaina eta alboka, geroxeago panderoa, txalaparta, atabala… eta geroago gitarra, tronpeta eta abar.
2018an berak idatzitako lehenengo diskoa kaleratu zen Sutan taldearekin. Musikaria izateaz aparte, betidanik kulturarekin konpromisoa izan du. Basurtuko jaiak berreskuratzen lagundu zuen, Bilboko Aste Nagusiko euskal gunean kontzertuen kontratazioa eta produkzioa eraman izan du 7 urtez. Bira kulturgunean 6 urtez programazio kulturalean lanean egon da. Talde hauetan egon da: Acordes Prohibidos (disko bat), Hipnosia (disko bat), Steady Rockets (bi disko), Garilak 26, Sutan (disko bi) eta Maloa Brothers (disko bat).
Musikaren atal asko kudeatu ditu eta badaki zeri buruz ari den: antolaketa alternatiboa, herri antolaketa, agertokikoa musikari, teknikari eta entzule legez. Kritikak hausnartzeko erraztasuna du eta ez du ahoan bilorik, salbuespenak salbuespen. Solasaldi aprobetxagarria lehen minututik.
Alain Gutierrez Ortizen ekarpenen lagin txiki bat duzu hemen.
«Musika makro jaialdiek eta makro ekitaldiek jaso dituzten dirulaguntzak Bilbon %99koa da, eta lokal txikiek pairatzen dute laguntza eza. Makro horiei kopuru txiki bat kenduko balitzaie eragile txikiei emanda, horrek bizitza salbatuko lieke».
«Oso kritikagarria da dirulaguntzen banaketa kultura arloan».
«Bira bezalako proiektuak hiltzen utzi dituzte sustapen ekonomiko txikiak jaso dituztelako”».
«Zeren preso gaude? Inor ez dago pozik preso dagoenean».
«Gizarte eskubideak ezin dira urratu. Beste pertsona baten askatasuna urratzea nahiko larria da».
«Kartzelak batzuetan suntsitzaileak iruditzen zaizkit, kartzeletan pertsona askok egin dute beren buruaz beste».
«Agian suntsitu ez, baina bai aldatu beharko liratekeela kartzelak eta horren inguruan dagoen espetxe sistema osoa».
«Odol desberdinak daude. Kalean dagoen odola eta zure zapaltzailearen zaituen odola desberdinak dira».
«Ez dut biolentzia legitimatuko, baina uler dezaket memento batzuetan edo aro eta garai batzuetan errealitatea desberdina izatea gaur bizi dugunarekin konparatuta”».
«Batzuetan autodefentsa izan da biolentzia politikoa».
«Zure hizkuntza erabiltzeagatik hiltzen bazaituzte, zer egin dezakezu?».
«Zurea defendatzeagatik hiltzen bazaituzte, zer egingo duzu?».
«Biolentzia politikoa erabiltzen duen pertsona batek argi dauka beste era baten bitartez ez duela lortuko nahi duena. Batzuetan legitimatuta dago, batzuetan”».
«Zein iraultza egin da indarkeriarik gabe? Ze askatasun lortu da indarkeriarik gabe? Nire ustez, bat bera ere ez, koma artean esan nahi dut”».
«Pandemiaren kudeaketa negozio hutsa izan zen askorentzat».
«Politikariek eta sistemak ez zuten baloratu osasun mentala pandemian eta batzuk alboratu egin ziren ezin, buruaz beste eginda».
«Gaur egun dugun polizia ereduak ez du batere zentzurik, ez etorkizunik, ez hemen ez han. Poliziak erabiltzen du boterea eurek nahi dutena egiteko, ez zerbitzatzeko, ez babesteko».
«Taser pistolak beldurtzen nau, poliziak erraz eta arinki erabiltzen du”».
«Zer da poliziak dion munizio-ez hilgarria? Denak dira munizio hilgarriak».



