Zuzenean

Bigarren Kafea
Elkarrizketa

«Artea ez da luxu bat, ezinbesteko beharra baizik»

Art & Joy proiektuaren bidez, Kiribil konpainiak artea, jolasa eta sormena gatazkek eta krisiek zauritutako pertsonengana eramatea du helburu. Bigarren Kafean, kulturak pertsonak berreraikitzeko eta komunitate-loturak sendotzeko duen indarraz aritu gara berarekin.

 

«Artea ez da luxu bat, ezinbesteko beharra baizik»

Loading player...
Kirbil Konpainiako Kideak
Kirbil Konpainiako Kideak (kirbil.eus)

Batzuetan, zauriek hitzik gabe uzten gaituzte. Mundua iluntzen denean, ahaztu egiten zaigu nola jolastu, nola barre egin edo nola elkarri begietara begiratu. Eta, hala ere, agian horixe da gehien behar duguna: elkarrekin sortzeko tarte bat, gorputza mugitzeko, irudimena askatzeko eta poza partekatzeko aukera.

Horretan, arteak badu indar berezi bat: pertsona batengana iristeko bide laburra izan daiteke, baita hitzak eta hizkuntzak nahikoak ez diren egoeretan ere. Ideia horretatik abiatuta sortu du Amaia Hennebuttek Art & Joy, artea eta poza uztartzen dituen proiektua. Hennebutte, idazlea, ilustratzailea, ipuin-kontalaria eta aktorea, Kiribil konpainia artistikoaren sortzaile eta zuzendari artistikoa da. Urteak daramatza adin eta egoera askotako pertsonekin lanean, bakoitzaren baitan lo dagoen sormena esnatzen.

Art & Joy proiektuaren oinarrian dagoen kontzeptua Giza Urgentzia Kulturala da. Hennebutteren arabera, larrialdi egoeretan oinarrizko beharrak asetzea ezinbestekoa den arren, kulturak ere berehala izan behar du lekua laguntzaren barruan. «Gertaera larriak direnean, lehenbailehen ekarri behar dira sendagaiak eta janaria, baina sinesten dugu biziki laster ekarri behar zaiola jendeari kultura edo artea, pertsona bakoitza berreraiki eta kolektibo gisa lotzeko».

Proiektuaren lehen hazia Libanon sortu zen, ia ustekabean. Hennebuttek haur siriarrekin lan egiten zuen gobernuz kanpoko erakunde baten berri izan zuen; erakunde horrek antzerkia erabiltzen zuen haurrekin aritzeko. «Lehen esperientzia kasualitatez gertatu zen. Libanon GKE bat bazen, haur siriarrak laguntzen zituena, eta antzerkia erabiltzen zutena; hor piztu zitzaidan ideia».

Handik gutxira, Libanora joan zen, erakundearekin astebete igarotzera, egoera bertatik ezagutzeko eta Kiribil konpainiak zer ekarpen egin zezakeen aztertzeko. Haur eta gazte literaturaren inguruan kokatu zuten lehen esperientzia, eta konpainiako lau kide album ilustratuekin abiatu ziren errefuxiatuen kanpalekuetara, ipuin-kontaketak eta emanaldiak eskaintzera. Hennebuttek gogoan du lehen bisita hura, zalantza eta ziurgabetasunez betea: «Beti oroituko naiz kanpaleku batera sartu eta pentsatzea: zertan ari gara hemen? Euskaldunak liburuekin… Duda handia sortu zitzaigun».

Baina lehen zalantza haiek bestelako zerbait bihurtu ziren jarduera artistikoa hasi zenean. «Ipuin-kontaketa egin genuen, eta nire bizitzako esperientzia artistiko ederrena izan zen».

Jaurlaritza Logoa