Zuzenean
Urkiolan topatu du babeslekua erle beltzak
Urkiolan topatu du babeslekua erle beltzak

Uda honetan babesleku klimatikoen beharra izan dugu hizpide, muturreko tenperaturei aurre egiteko herri eta hirietako espazioak egokitu behar izan baitira. Baina gizakiak ez dira beroaren ondorioetatik babestu behar diren bakarrak. Durangaldean, erle beltzarentzako babesleku bat sortu dute, klima-aldaketari eta espeziearen mehatxu nagusietako bati, liztor asiarrari, aurre egiteko. Gaiaz aritzeko, Iñaki Narbaiza erlezaina eta Julen Arzuaga Urkiola Landa Garapenerako Elkarteko kidea gonbidatu ditugu Bigarren Kafera.
«Azken urteetan erle beltzak zailtasun handiak ditu bizirauteko, klima-aldaketa, kutsadura edo Asiatik etorritako espezie inbaditzaileak direla eta», azaldu du Narbaizak. Erlezaintzaren egoeraren larritasuna bere esperientziak erakusten du: «21 erlauntza neuzkan eta bizirik bost atera nituen; heriotza-tasa oso altua». Erlezaintzan urteko % 20ko galerak onargarritzat jotzen badira ere, azken urteetan kopuru hori handitu egin dela ohartarazi du.
Liztor asiarraren aurkako borrokan, tranpak jartzea izan da eskualdeko ekimenetako bat. «Azken hiru urteetan tranpak egiten aritu gara; eskualdean 500 boluntario ditugu tranpa-kanpainan laguntzen ari direnak. 32 liztor asiarren erreginak harrapatu ditugu, eta hala eta guztiz ere ez da nahikoa», azaldu du Arzuagak. Udazkena garai bereziki garrantzitsua da, orduan hasten baitira jaiotzen hurrengo urtean erregina izango diren liztorrak. Egoeraren aurrean, erlezainek transhumantzia egin behar izan dute Urkiolako lurretara, han erleentzako espazio egokiak aurkitzeko.
Babeslekuetan, liztor asiarra erlauntzetan sar ez dadin sare moduko bat instalatzen dute. Hala ere, liztorra erle beltza ateratzen denean haren zain egon daiteke, eraso egiteko; horrek tentsioa eragiten die erleei. Beraz, erle beltza mehatxupean dagoen espeziea da, «ez soilik liztor asiarraren ondorioz, baita beste erle mota batzuk ekarri dituztelako ere ere, bereziki genetikoki eraldatutako erleak».
Mezu argi batekin amaitu dugu: «Erlezainek kalitatezko produktuak ekoizten diutzte, abeltzainak dira, eta jarraitu behar dugu sektoreari bultzada ematen, zentzu guztietan».


