Zuzenean

Bigarren Kafea
Elkarrizketa

Kalabaza: udazkeneko altxorra

Kalabaza izan ohi da Gau Beltzeko protagonista. Sukaldetik abiatuta, udazkeneko produktu honen aukerak eta gure oroimenaren parte diren ohiturak ekarri dizkigu mahaira Lander Cornago sukaldariak. 

Kalabaza: udazkeneko altxorra

Loading player...

Tradiziotik sukaldera egin dugu salto Lander Cornagoren eskutik. Kalabaza udazkeneko produktu bikaina dela azaldu digu sukaldariak: merkea, iraunkorra eta aukera ugarikoa, plater gozo zein gazietan erabiltzeko modukoa.

Kalabaza aukeratzeko orduan, hainbat aholku eman dizkigu Bigarren Kafean. Bere tamainarako astuna izatea komeni da, trinkoa, azal gogor eta lehorrarekin eta kirten osoarekin. Sukaldaritzarako, gainera, kalabaza mota guztiek ez dute erabilera bera. Potimarron txikiak gaztaina-zaporea du; butternut motak, berriz, forma luzanga eta testura leuna ditu.

Moztu aurretik kontuz ibiltzea ere gomendatu digu Cornagok, kalabaza gogorra izan baitaiteke eta labana erraz irristatu. Azala pixka bat biguntzeko, labean minutu batzuez epel daiteke, eta ebakitzean oinarri lau bat egiteak egonkortasuna ematen dio.

Eta beste aholku garrantzitsu bat: kalabaza osoa aprobetxatzea. Sukaldariak azaldu digunez, mota askoren azala jangarria da, eta haziak ere ez dira zakarrontzira bota behar. Garbitu, lehortu eta olio eta gatz pixka batekin labean txigortuz gero, aperitiborako mokadu goxoa lortuko dugu.

Kalabaza prestatzeko garaian, Cornagok argi du zein den bere gomendioa: labean erretzea, uretan egosi beharrean. Egostean ura hartzen du eta zaporea galtzen du; labean, aldiz, ura galtzen du, eta azukreak kontzentratu eta karamelizatu egiten dira. Emaitza zapore sakonagoa eta gozoagoa da. Oinarri horretatik abiatuta, aukera asko ditugu. Gazian, kalabaza-krema klasikoa presta dezakegu, tipula eta saldarekin, edo jengibre ukitu bat gehitu. Risottoetan, gisatuetan eta pasta-betegarrietan ere primeran funtzionatzen du. Eta gozoan? Cornagok gogorarazi digu kalabaza postreetarako ere osagai aparta dela: bizkotxo heze eta usaintsuak, konpotak, flanak edo kremak egiteko balio du. Kanela eta kalabaza, gainera, udazkeneko bikote ezin hobea dira.

Sukaldariak bi proposamen ekarri dizkigu kalabazari etekin osoa ateratzeko: bata gazia eta bestea gozoa. Lehenengoa, kalabaza errea, cottage-gazta eta intxaur-hazien pestoarekin eta bigarrena, kalabaza-bizkotxoa, kanela eta espeziekin. 

Jaurlaritza Logoa