Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Pablo Ortiz de Latierro
Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiaren kidea eta EH Bilduko zinegotzia

«Gobernu progresistarekin badago aukera bat Trebiñuko integrazioa aurrera eramateko»

NAIZ Irratian izan da Pablo Ortiz de Latierro Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiko kidea eta EH Bilduko zinegotzia. Araban integratzeari buruzko herri-galdeketa bat antolatzeko mozioaren onarpena txalotu du. Espero du espainiar Gobernuaren erantzuna «lehenbailehen» jasotzea.

«Gobernu progresistarekin badago aukera bat Trebiñuko integrazioa aurrera eramateko»

Loading player...
Pablo Ortiz de Latierro.
Pablo Ortiz de Latierro. (Raul BOGAJO | FOKU)

Trebiñu eta Argantzongo udalek baimena eskatuko diote espainiar Estatuko Ministroen Kontseiluari Araban integratzeari buruzko herri-galdeketa bat antolatzeko. Hala jasotzen da Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiak bultzatutako ekimenean, ostegun honetan bi udalbatzetan onartu zena.

Herritarrak «pozik» daudela dio Pablo Ortiz de Latierro, mahaiko kidea eta EH Bilduko zinegotzia Argantzonen. NAIZ Irratian azaldu duenez, gaur bertan edo datorren astean, bi udalek bidaliko dute eskaera espainiar Gobernuari «eta espero dugu lehenbailehen erantzuna jasotzea».

Hala ere, berak ere onartu du egoera berezia dela, hauteskundeak azaroaren 29an izango direlako, eta Madrilgo Gobernua alda daitekeelako. «Bloke erreakzionarioa boterera iristen bada ziur aski gure eskaera bertan behera geratuko dela lehenengo minututik. Baina, orain gobernu progresistarekin uste dugu badagoela aukera bat hauxe aurrera eramateko».

Dagoeneko Gaztela Leongo eta Burgoseko agintariek argi utzi dute galdeketaren aurka daudela, eta epaitegietara joateko prest daudela. «Haien posizioa da», aitortu du Ortiz de Latierro, duela bi aste Burgoseko Diputazioko presidentea den Borja Suarezekin bildu zena. «Haientzat gu ez gara libre, haienak gara. Burgos garela diote, eta puntu. Ez dago eztabaidatzeko aukerarik».

Argantzongo alkate ohiak NAIZ Irratian azaldu duenez, «beraiek diote betidanik Trebiñu Burgos izan dela eta hala jarraituko dela. Baina gu Trebiñun bizi gara, eta lan egiten dugu Araban, familia daukagu Araban, aisialdia egiten dugu Araban, erosketak egiten ditugu Araban... Gure bizitza Araban egiten dugu».

Bizi duten egoera zaila da eta arazo ugari eragiten ditu, adibidez, larrialdi bat izaterakoan. Istripu bat edo gaixotasun baten ondorioz laguntza eskatu behar izanez gero gerta daiteke bi anbulantzia agertzea, bata Gasteizetik heldutakoa eta bestea Miranda de Ebrotik. «Batzuetan bi anbulantzia agertzen dira eta besteetan ez da inor agertzen».

Egoera honen aurrean bizilagun askok erabaki dute Araban erroldatzea, Aldundiko eta Lakuako zerbitzuak jasotzeko, bai adinekoen egoitzetan leku bat izateko eta baita bekak jaso ahal izateko. «Gutxi gora behera, 2.000 edo 2.100 lagun bizi gara Trebiñun erroldaren arabera, baina egia esateko ia 4.000 bizilagun gara. Ia ia bikoitza».

Ortiz de Latierrok eta gainerako bizilagunek espero dute aste honetan irekitako bidean aurrera egitea Araban politikoki integratzeko, eta argi dute, bide hori amaituko dela Madrilgo Kongresuan. «Aukera hor dago», adierazi du, eta Trebiñutik legea beri errespetatu dutela nabarmendu du. «Gure asmoa da legea betetzea. Eta badago bide bat». 

Jaurlaritza Logoa