Zuzenean

Lide Hernando
Musikaria eta ‘Ad libitum’ saioko gidaria

Protesta kantagintza urteetan zehar

«Free Palestine» batek Ed Sheeranen biratik kanpo utzi du Macklemore. Aitzakia eman digu protesta kantagintzaren atzera begirakoa egiteko. 

Protesta kantagintza urteetan zehar

Loading player...
Joan Baez eta Bob Dylan 1963an eskubide zibilen alde Washingtonen egin zen martxan
Joan Baez eta Bob Dylan 1963an eskubide zibilen alde Washingtonen egin zen martxan (Rowland Scherman | Wikimedia)

Ed Sheeranen biratik kanpo utzi dute Macklemore, kontzertu batean «free Palestine» oihukatzeagatik. Auziak argi erakutsi du gai politiko baten aurrean isiltzea ez dela politikatik at gelditzea, boteretsuen eta borreroen alde egitea, baizik. Musikak injustiziak salatzeko bide ugari ireki dute, ordea, historian zehar, eta horren adierazle behinena da protesta kantagintza.

Sorrera urterik eta lekurik gabekoa da protesta kantagintza. Historia irabazleek idazten dutenez, eta egun, irabazleak AEBek izaten jarraitzen dutenez, horra jo behar dugu protesta kantagintzaren lehenbiziko testigantzak topatu ahal izateko. Denok pentsatzen ari zareten garaiaren aurretik hasi beharko genuke, ordea: Vietnamgo gerraren aurkako aldarriak zituzten abestiak aireratzen hasi aurretik, herri afroamerikarraren protesta kantagintzak bere momentua izan zuen, batik bat Billie Holidayren ‘Strange Fruit’ gordinak ordezkatuta.

Horren ostean, bai, irits gaitezke denok ezagutzen dugun garai horretara: Bob Dylan aitzindari izan zenekora, alegia. Berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan, AEBek gatazka sozial askotarikoak bizi zituzten: eskubide zibilen aldeko borroka, segregazio arraziala, gerraren aurkako protestak, ikasle mugimenduak... Testuinguru horretan, folkak hamarkada batzuk lehenago izandako funtzio bat berreskuratu zuen: gertatzen ari dena kontatzea. Horretarako, herri-kantagintzako doinuak hartu eta, letra eraldatuz, garaia kontatu eta gizartea mugiaraziko zuten hitzak sartuko zizkieten abestiei Dylanek, Baezek, Simonek eta bestek.

Baina Estatu Batuetan protesta abestiak antibelizismoaren inguruan sortzen ziren bitartean, munduko beste leku batzuetan beste forma batzuk hartu zituen. Latinoamerikan, adibidez, jatorrizko herrien memoria eta folklorea aldarrikatzea izango zen garrantzitsuena, momentuko politikaren aurkako aldarriak egiteaz gain; horren lekkuko dira Victor Jara Txilen edota Mercedes Sosa Argentinan. Hegoafrikan, bestetik, XX mende erdialdeko lakrarik handienaren aurka mintzatuko dira Miriam Makeba bezalako kantariak: apartheid-a, hain zuzen ere.

Herri kantagintza aldarri

Eta Dylanek, Baezek eta konpainiak herri kantagintzako doinuak hartu eta berritu zituztela esan dudanean garunean kanpaitxo batek jo badizue, ulertuko nuke zergatik: horixe bera izan baitzen Euskal Herrian, garai beretsuan, Ez Dok Amairu kolektiboak egin zuena. Funtsezko gehigarri batekin, ordea: jazarria eta galtzeko zorian zegoen hizkuntza bat berreskuratu eta horrekin komunitate berri eta itxaropentsu bat sortzea.

Gerora, punkaren iraultza kulturalak ere protesta-kantugintzaren forma berriak hartuko zituen, haserrea izanik, eta ez itxaropena, bere gasolinarik handiena. Gure Euskal Rock Erradikala, ere, protesta kantugintza kontsidera liteke, ezta?

Kontuak kontu, protesta kantagintzak forma, hizkuntza, gai eta doinu berriak hartu izan ditu aldiro eta lekuoro. Hari amankomun bat dute mota honetako abesti guztiek, ordea: behetik gora egiten direla, herritik abiatuta boterearen kontra.

Jaurlaritza Logoa