Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia

Kuba, Bizi Iraultza| 5 Atala: Aberria ala hil

2026rako AEBk setio energetiko bihurtutako blokeoak kubatarrak muturreraino eraman ditu, nazioarteak begiratzen duen bitartean. Bidegurutze krudel batean, herriak bizirauteko beharrezkoak diren erreformekin aurrera egitea da helburua, iraultzak emandako guztiari uko egin gabe. 

Kuba, Bizi Iraultza| 5 Atala: Aberria ala hil

Loading player...
Habana Erdialdeko kale bat 2025eko abuztuan.
Habana Erdialdeko kale bat 2025eko abuztuan. (J.S.)

`Aberria ala hil, irabaziko dugu´ dio M26ko mugimenduarekin eta Kubako Iraultzarekin lotzen den lelo herrikoi ospetsuak. Baina 2026ko Kubari erreparatuz lelo hori moldatu liteke esateko `aberria eta biziraun, ezin dugu galdu´. Ia 70 urtez luzatu da blokeo ekonomikoa, Donald Trump eta Marco Rubioren gidaritzapean setio bilakatu dena. Denetarik bizi izan dute kubatarrek, era guztietako gabeziak inposatu dizkiete. Zaila da erantzuten nola egin duten, nola jasan herri gehienentzako jasanezina litzatekeena. Zuzena da esatea ordea, huts egindako estatu batek ezingo lukeela halakorik eutsi, beraien iraultzarekiko konfiantza osoa galdu duten herritarrek ezingo luketen bezala. Gauzak horrela bere hasierako tesiari eutsiz heldu da azken atalera 'Kuba, bizi iraultza' podcasta.

Fidel Castroren heriotzak aurretik etorriko ziren zailtasunen premonizio moduko bat izan zen 2016an. Iraultzaren buruzagia hil orduko, jakina zen Donald Trump izango zela Etxe Zuriko maizter berria. Eta lehen kolpea baino ez izan. 2016tik aurrera Kubari gertatutakoa, «ekaitza perfekto» bezala definitu baitu EHUko Luismi Uhartek, «alde batetik dago Trumpen lehen agintaldia eta berak jarritako ehundaka neurri eta isun Kubaren aurka eta aldi berean Latinoamerikako ziklo aurrerakoiaren bukaera. Beraz, Kubaren egoera berriro zaildu zen nabarmen. Horri gehitu Kuban oso latzak izan diren pandemiaren ondorioak, Bidenen gobernuaren jarrera 2020tik 2024ra, erabaki zuena mantentzea Trumpen neurri gehienak eta berriro Trumpen itzulera azken bi urteetan bigarren agintaldi askoz ere bortitzago batekin». Koktel horri gehituz bazkide energetiko nagusiaren galera, Venezuelarena, kubatarren sufrimenduaren gakoak hobeto ulertzen dira. 

Testuinguru konplexu honetan, azken urteetan egindako aldaketa politiko eta ekonomikoak sakondu eta azkartzea erabaki zuten Kuban. Miguel Diaz-Canelek Raul Castroren lekukoa hartu zuen 2018an presidente bezala, eta 2021ean Kubako Alderdi Komunistako lehen idazkari bezala. Iraganean bezalako egoera arriskutsu bati aurre egin behar diote, baina egoera askoz ere ahulagoan. Halakoetan, egokitzen ez dena, desagertu ohi da.

2011n jatorria duten erreforma ekonomikoen helburua hein handi batean, gehiegizko estatizazioa atzean utzi eta progresiboki eredu kooperatiboago baterantz egitea zen. Baina kubatarrek gutxitan eraman dezakete aurrera nahi dutena bere osotasunean eta unean uneko baldintzetara egokituz, ahal denarekin konformatu behar dira. 

Hondamendi egoera honen erdian, urrats bat harago joan da Kubako Gobernua, larrialdiko neurri sortatzat jo daitekeenarekin, batez ere, egoera humanitario eta ekonomikoak behartuta. Egoera ikusita, Ziur asko, ez zuten beste aukerarik. 176 neurri dira, tartean, enpresa pribatuek eta gizabanakoek erregaia inportatu ahal izateko eta banketxe pribatuen irekierari bide emanez. Ikusteke dago enpresa publikoetan inbertsore handiak sartzea geldiarazi daitekeenik. 

Santa Claran jaiotako Tony Merlan podcast honetako azken gonbidatua izan da.
Santa Claran jaiotako Tony Merlan podcast honetako azken gonbidatua izan da.

Eta zer egin daiteke Kubaren alde orain? galdera horren erantzuna ere ez da erraza, baina intenazionalismotik pasako da ziur asko. Podcast hau argitaratzen den unerako Kubako etorkizuna nolakoa izango den ezin jakin. Baina bada baikortasuna mantentzeko arrazoi bat, kubatarrek, zailtasun guztien gainetik, burua makurtu gabe jarraitzen dutela. Horixe da 'Kuba, bizi iraultza' podcastari testigantza eskaini dion Marxlenin Perez Valdes filosofo, irakasle eta kazetaria entzun ostean atera daitekeen ondorio nagusia. 

«Ekonomiak pisu asko izango du» adierazi du Santa Claran jaio eta gaur egun Santutxun bizi den Tony Merlanek, «baina ezin dira ahaztu iraultzaren oinarriak: langileak, pobreak, jendea. Ezin da jendea alde batera utzi  eta aldaketa ekonomikoa ezarri. Aldaketa ekonomikoak beharrezkoak dira jendeak aurrera egiteko, une honetan bizirauteko. Uste dut aldaketek jarraituko dutela baina aldi berean arlo soziala bultzatu behar da» gaineratu du. 

 

Jaurlaritza Logoa