Zuzenean

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Elkarrizketa

Irulegitik Pompelora: nork suntsitu zuen herrixa eta zergatik

«Irulegitik Pompelora. Hiri baten Sustraiak» nazioarteko ikastaroa antolatu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak. Dibulgazioa helburu, ekimen horrek gerturatu nahi zuen duela 2100 urte Pompelo nola sortu zen. Testuinguru horretan, Mattin Aiestaranek azaldu du nork eta zergatik suntsitu zuen Irulegi. 

Irulegitik Pompelora: nork suntsitu zuen herrixa eta zergatik

Loading player...
Mattin Aiestaran artxiboko irudi batean
Mattin Aiestaran artxiboko irudi batean (Iñigo Uriz | FOKU)

Irulegiko aztarnategiak makina bat sekretu ezkutatzen ditu oraindik ere. Azken ikerketen ondorioz, Mattin Aiestaranek, aztarnategiko zuzendariak, hipotesi bat bota du Irulegiko txikizioaren testuinguruan: Ponpeioren eta Meteloren tropek herrixka suntsitu zuten, Sertoriori laguntzeagatik. Aiestaranek «Irulegiko herrixkaren suntsiketa» hitzaldia eman zuen, tonu «oso dibulgatiboan, baina zorroztasun zientifikoa mantenduz» Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako «Irulegitik Pompelora. Hiri baten Sustraiak» zikloaren baitan. 

Hiru ziurtasun maila

Hori da lerroburu nagusia: Sertoriori laguntza eman izanagatik, Pompeiok edo Metelok Irulegi «goitik behera» suntsitu zuten. Dena den, Aiestaranek hiru ziurtasun maila mahaiganeratu ditu. Lehenengo mailan, Irulegiren erasoaren testuingurua zehaztu du: «Duela 2100 urte herrixka erasotu eta abandonaturik utzi zuten, Sertoriar Gerren testuinguruan». «Datuek hori berresten dute», defendatu du. 

Bigarren ziurtasun maila batean, aurrekoarekin alderatuta «ziurtasun apalagoa» duena, Zarbeta kanpalekuaren gaineko hausnarketa dago; Zarbeta, Aranguren ibarrean dagoen kanpalekua da, eta Aiestaranek dio «erasoa hortik antolatuta izan zitekeela». Material arkeologiko «gutxi» jaso dituztela azaldu du, eta hori da bigarren maila horretan kokatzeko arrazoia. Dena den, «garai berean kanpalekua eraiki izana», «Irulegiko magal azpian borroka bat egon izana» eta «Irulegira nondik sartu ziren eta herrixka nola erasotu zuten» berme nahikoak dirudite hori baieztatzeko. 

Azkenik, «nork» eta «zergatik» galderak erantzuteko beharra azpimarratu du aztarnategiko zuzendariak. Onartu du, era berean, «erantzuteko ez ditugula hainbesteko heldulekurik». Ziurtasun hirugarren mailan, beraz, kokatu du erasoaren erantzukizuna eta arrazoia: «Zientzialariak ez gara eroso sentitzen ziurtasun maila horretan, are lausoagoa, irristakorragoa delako». Hala ere, Aiestaran «erosotasunetik aterata» ausartu da erantzun batekin galderak asetzera. 

Testuinguru historikoa landu ostean, «aukera ezberdinak» nabarmendu ditu zientzialariak. Ponpeiok edo Metelok Irulegi erasotu zutela adierazi du, ordea, Aiestaranek: «Irulegin aurkitutako txanponek eta erasotzaileek erabilitako itunek hori adierazten dute». Izan ere, Aiestaranek zehaztu duenez, herrixkak Serterioren alde egin omen zuen, «zenbait herri baskoiek egin zuten moduan».

Zientzalariak adierazi du suntsiketak «garrantzi handia» duela Pompeloren sorreran: «Irulegi eta Iruñerriko beste herrixken suntsiketaren ondoren egin zen berrantolaketaren emaitza da Pompelo». 

Miaketa lanekin aurrera

Hiru miaketa zuloetan dihardute aztarnategian, eta Irulegiko erasoa «orokortua» dela azaldu du Aiestaranek: «Herrixkako toki gehien-gehienak erasotuak izan ziren». 

Era berean, Irulegiko sorreran sakontzen dabiltzatela zehaztu du. Irulegitik behera, «beste lau herrixka» daudela azaldu du zuzendariak: «Sakondu heinean, Brontze aroko herrixkaren informazioa aurkitzen ari gara». Galdera berriak sortu direla onartu du Aiestaranek, eta erantzunaren bila jarraituko dutela baieztatu du. Hain zuzen ere, zergatik gotortu ziren toki hain estrategikoetan? Irulegik erantzuna emango digu, ezkutatzen dituen horiek kontatu nahi badizkigu. 

Jaurlaritza Logoa