Zuzenean

Urriaren 26an Busturialdeko astelehen ezagunena ospatzen da Gernika-Lumon: Urriko Azken Astelehena. 900 bat postuz osatutako euskal merkatu tradizionalak janzten du bizkaiko udalerria egun osoan zehar, eta iluntzean Jai Alai frontoiko zesta partidu batekin amaitzen da festa.
Baina Urriko Lehen Astelehenak ere baditu bitxikeriak. Asteleheneroko nekazari-azokari abeltzain asko gehitzen zaizkio gaurko egunean, Pirenaika arrazako Euskal Herriko txapelketan lehiatzera hurbiltzen baitira. Txapelketako lehen sailkapenak igandean hasi, eta astelehenean erabakitzen da lehiakideetako nork daukan behi eta zezen onena.
Juan Luis Irazola abeltzain mallabiarrak 36 urte daramatza ekimenean parte hartzen, baina aurtengo prestaketak ohi baino diru gehiago suposatu dio lehortearen erruz. «Negua luzea izango da aurten, hasita dago aspalditik» aitortu du. «Neguko jatekoa gabiltza xahutzen, eta negua bide beretik badoa, jeneroa erosi egin beharko dugu». Abeltzain eta nekazariek hainbatetan salatu dute azkenaldiko lehen sektorearen gainbehera, faktore klimatikoei «lehengaien garestitzea» gehitu behar zaielako.
Hamaika ganadutegitatik Gernikara hurbildutako 103 abelburuez gain, karpa inguruko dozena bat postutan euskal jakiak eta artisautzako produktuak saldu dituzte beste horrenbeste nekazarik. Haiek ere badute zer kontatu sektorearen egoerari buruz.


