Zuzenean

Maria Laespada Lazpita

Donostia, oroitzen duen hiria

Donostiako memoriaren mapak (eta VI)

Donostia, oroitzen duen hiria

Loading player...

Donostiako Oroimen Historikoaren Mapak jasotzen dituen oroitzapen-elementu gehienak XXI. mendean sortutako aitortzak dira. Hau da, 1936ko gerratik eta diktadura frankistatik hamarkada asko igaro ziren hirian gertatutakoaren arrasto batzuk espazio publikoan markatzen hasi arte. 2005etik aurrera, besteak beste, II. Errepublika defendatzeagatik fusilatu eta errepresaliatutakoen plaka jarri zen Sagüesen; Gerra eta diktadura frankistaren biktimen omenezko eskultura Bigarren Errepublikaren plazan; Oroimenaren Lorategia Loiolako Erriberan; Clara Campoamorren omenezko eskultura Benta Berrin; Fernando Sasiain alkate errepublikanoaren aitortza San Telmon; Ondarretako kartzela gogoratzeko monolitoa; errepresioa jasan zuten udal-langileen omenezko plaka Udaletxean; ‘Dual’ eskultura Ijentea kalean; eta nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako donostiarrak gogoratzen dituen ‘Urdina’ Aieteko parkean. Elementu horiek ez dute denek gauza bera gogoratzen, baina guztiek iragan hori gaur egungo hirian ikusgarri egiteko saiakera partekatzen dute.

Mapa, hala ere, ez dago osatuta, eta hirian badaude bertan jaso gabe dauden beste oroimen-elementu batzuk. Polloeko hilerrian, esaterako, mausoleoan hobiratutako errepublikarrak gogoratzen dituen aitortza dago gaur egun; eta Uliako gainean 2005ean jarritako plaka batek inguru hartan armada frankistak fusilatu eta desagerrarazitako pertsonak gogoratzen ditu, nahiz eta gaur egun oso hondatuta egon. Horrelako kasuek erakusten dute memoria-elementuen mapa osatzen eta berrikusten jarrai daitekeela: ikerketak aurrera egiten duen heinean, elementu batzuk berreskuratu, beste batzuk berritu eta orain arte mapatik kanpo geratu direnak txertatzeko aukera dago.

Beste espazio batzuk, gainera, memoria-leku bihurtzeko prozesuan daude oraindik. Horien artean aipagarria da La Cumbre jauregia, memoria demokratikoarekin lotutako erabilera emateko eta Donostiako Udalari lagatzeko prozesua oraindik amaitu gabe duena. Jauregiaren kasuak erakusten du oroimenaren eraikuntza ez dela iraganeko zerbait: gaur egun ere erabakitzen ari da zer espazio babestu, zer gertakari azaldu eta zer arrasto utziko diren hurrengo belaunaldientzat.

Jaurlaritza Logoa