Zuzenean

Bigarren Kafea
Elkarrizketa

«Errazagoa da kamioia konpontzea muga pasatzea baino»

Donostiako suhiltzaileek osatutako Ekinbide GKEko Jon Etxezarretarekin hitz egin dugu suhiltzaileek kooperazioan egiten duten lanaz: kamioiak, prestakuntza, mugak eta Bafatán sortutako suhiltzaile zerbitzua. 

«Errazagoa da kamioia konpontzea muga pasatzea baino»

Loading player...

Norbait zerbait pasioz eta bere ekimenez egiten ikusten dugunean, bokazioz ari dela esaten dugu askotan. Lanbide batzuk bokazionalak direla ere esaten da. Multzo horretan sartu dezakegu suhiltzaileen jarduna. Euren ogibideaz haratago, hainbat kasu ezagutu ditugu suhiltzaileak beharra dagoen lekuetara joan eta laguntzen aritu direnak, edo beharra dagoen lekuetara baliabideak bideratzen aritu direnak. Hori da Ekinbide GKEaren kasua. 

2017an hasi zituzten lehen ekintzak, eta 2021ean eratu zuten ofizialki elkartea. «Nola saltseroak garen, gure kabuz ibiliak ginen Open Armsekin edo Lesbosen eta azkenean erabaki genuen elkarte bat sortzea» esan digu Jon Etxezarreta kideak. 

«Gure kamioi bat zerbitzuz kanpo geratzear zen, eta ikusi genuen aukera bazegoela ibilgailu hori aprobetxatzeko, txatarrara bidali ordez». Hortik abiatu zen Bafatáko proiektua. Donostiako suhiltzaileek emandako Magirus T-5 kamioia konpondu, ekipatu eta Guinea-Bissaura bidali zuten, eta han suhiltzaileei prestakuntza ematea izan zen proiektuaren beste zutabea.

Izan ere, Etxezarretaren hitzetan, «ezin duzu kamioi bat eraman, han utzi eta kitto; formakuntza eta jarraipena eman behar dira». Bafatán, horri esker, suhiltzaile zerbitzu bat sortu zuten, egoitza eta guzti, eta azken misioetan ibilgailuak, mahukak, jantziak eta bestelako materiala ere eraman dituzte.

Bidean, ordea, badira beste oztopo batzuk ere. «Burokraziari diogu beldur, aduanak pasatzea ez da erraza; batzuetan zazpi orduz egoten gara itxaroten». Eta esaldi batean laburbiltzen du esperientzia: «Errazagoa da kamioia konpontzea muga pasatzea baino».

Suhiltzaileen bokazioa larrialditik harago ulertzen du Ekinbidek, beharra dagoen tokian laguntzeko modu iraunkorragoak bilatzea.

Jaurlaritza Logoa