Zuzenean
«Euskarak bere lekua izan behar du Euskal Herrian, eta bere toki osoa espazio publikoan»
Larresoroko bide baten euskarazko izendapenaren aurka egin zuen prefeturak eta Mintza Larresorok erabakiaren aurka egin du. Naiz Irratian bozeramailea den Robert Lamerensek «euskararen koofizialtasunaren alde egin behar dela» defendatu du irmoki.
«Euskarak bere lekua izan behar du Euskal Herrian, eta bere toki osoa espazio publikoan»

Pirinio Atlantikoetako Prefetura hizkuntza gatazkaren erdigunean kokatu da berriro ere; oraingoan, Larresoron. Bide baten euskarazko izendapenaren aurka egin zuen prefeturak eta Mintza Larresorok, oposizioko taldeak, erabakia gaitzetsi du eta Frantziako Estatua euskarari eremu publikoan duen presentziari trabak jartzen ari dela salatu du. Uztailaren 7an herriko kontseiluak Orgilaneko bidearen luzapena onartu zuen, bada, 'Impasse Orgilaneko bidea' izena hartu behar izan du. Robert Lamerens, Mintza Larresoroko bozeramailea izan da astearte honetan Naiz Irratian.
Nondik dator polemika? Zergatik egin du euskararen aurka prefeturak?
2016tik Larrasaron gure bideak euskaraz izendatzen ditugu, gehienetan auzoko etxeen izenak hartuz. Hamar urtez dena ondo joan da, ez dugu arazorik izan. Uztailaren 7an herriko kontseiluak aho batez onartu zuen Orgilaneko bidea izena izatea. Baina, agorrilaren 5ean Prefeturak gutun bat bidali zigun, bertan erraten zuen delibero hori ez zela legala.
Frantziako Konstituzioaren bigarren eta Toubon legearen hirugarren artikuluak direla eta, erabakia gibelera bota zuten. Gainera, erraten du berriro ikusi beharko liratekeela kale guztien izenak euskaraz egotetik, frantsesez ere egotera igaro beharko dutela.
Erabakia nork hartu du?
Ez dugu ziurtasun osorik Jean Marie Girierek edo Simon Fetetek hartu zuen erabakia. Uztailaren 12an Simon Fetet izendatua izan zen, eta agorrilaren 24an izan zuen jabetura ofizialki. Hala ere, uste dugu data hori baino lehenago ere auzi horiek lantzen ari zirela. Egia esan, hau ez da guretzat funtsezkoena, kontua da, politika hau bat datorrela bi profetek ikusteko molde bera dutelako. Momentu honetan beraz, biak dira kaltegarriak guretzat, euskararentzat.
Mintza Larresorotik zer mezu plazaratu nahi duzue?
Ez gaude frantsesaren kontra, baina euskarak bere lekua izan behar du Euskal Herrian, eta bere toki osoa espazio publikoan. Egun, ez da hala, eta ez dugu onartzen hamar urtez konfliktorik gabe martxan izan den zerbait bat batean baztertzea. Ez du funtsezko itzulpenik behar izenak, bidea bidea da; beraz guk hau defendatuko dugu, Larresoron eta Euskal Herri osoan.
Uste duzue prefeturaren agindua, politikoa dela?
Bai, arrunt politikoa da erabakia. 1982ko martxoaren 2a lege deszentralizatzaileak eskumena ematen zuen kaleen izendegiaren baitan erabakitzeko, eta horretan oinarrituta hartu zuen Larresorok 2016an hala egiteko erabakia. Lehen momentuan prefeturak ez zuen deus esan, eta hamar urteren ondoren heldu dira kontran, bat batean legez kanpokoa omen da nahiz eta legea ez den aldatu.
Larresoro ez da bakarra egoera honetan, Senperen ere gauza bera pasatzen da eta Sara eta Baionako deliberoen kontrako keinuak behin eta berriz ikusten dira. Oraindik ere gehiago izango dira nik uste, ez da kasualitatea. Euskararen presentzia publikoa ukatzeko borondatea erakusten du. Horregatik gure ustez erantzunak koordinatuak izan behar dira, ez du herri bakoitzak bere bidetik joan behar, eta Euskal Herriko hiriguneen elkargoak beharko luke parte hartu euskararen aldeko mobilizazioetan.
Testuinguru honetan, Euskal Konfederazioak azaroaren 21ean Baionak deitu duen manifestazioari babesa agertu diozue ezta?
Bai, behar da joan azaroaren 21ean deitutako manifestaziora. Euskararen koofizialtasunaren alde egin behar dugu, aitortza sinboliko hutsak ez diolako euskarari emango behar duen ziurtasuna.


