Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Amets Aznarez eta Ion Celestino
Broken Brothers Brass Bandeko kideak

«Esango nuke hain justu disko hau dela konposizio aldetik kolektiboena»

‘Agur jaunak’ bitxi batekin egin digu diosala Broken Brothers Brass Band Iruñerriko taldeak beren 20. urteurreneko diskoaren aitzin-solas moduan. Haren inguruan eta taldearen inguruan hitz egiteko MusikHarian izan dira Amets Aznarez tronboi-jotzailea eta Ion Celestino tronpeta-jotzailea. 

«Esango nuke hain justu disko hau dela konposizio aldetik kolektiboena»

Loading player...
Kolektibo handia osatu du 20 urteko ibilbidean Broken Brothers Brass Bandek.
Kolektibo handia osatu du 20 urteko ibilbidean Broken Brothers Brass Bandek. (Sergio AZKARATE)

Materian sartuz zuzenean. Eskerrak hasierako notak badituen kantuak, bestela ‘Agur jaunak’ identifikatzea ia ezinezkoa izango zen.

Ion Celestino: Hau nik esango dut, hau badakit-eta. Diskoa horrela hastea proposatu nuen Brokenen aurreko diskoak ere horrela hasi direlako, kantu honekin, nahiz eta identifikatzen errazagoak izan. Hau bada Tapia eta Leturiaren ‘Dultzemeneoa’ diskoa bukatzeko egindako fandangoa, baina soinu txikiarekin eman beharrean kobreekin emanik are gutxiago nabaritzen da zer den. Brokenekin abesti honen bertsioak egitearena hain zuzen ere bertsio honetatik hartutako zerbait izan zen, beraz, hau zen zuzenean zergatia azaltzeko modua. Diskoa, ikusiko dugunez, Brokenen barruko folklorez betea da. 

Zuok biok, gainera, Tapia eta Leturiarekin ere aritzen zarete.

Amets Aznarez: Bai. Egia esateko nik ez nuen kantu hau ezagutzen eta, Bartzelonan ginela, bapatean, Tapiak dakigun bezala bolo bakoitzean sudur puntan jarritakoa jotzen duenez, kataluniarrei azaldu zien omenaldi bizarro bat eskainiko zuela hau jotzerakoan, bere ironia puntu ohikoarekin. Nik une horretan argi ikusi nuen abesti honekin ekin behar geniola diskoari.

Perkusioan tambourinea erabiliz ordeztu duzue panderoa. 

I.C.: Bai, hori da, hor dago txistea. Disko originalean soinua eta panderoa dagoenez, guk ere bonboa eta kutxa alboratu egin ditugu kobreak eta tambourinea soilik erabilita.

Hogei urte betetzen ditu proiektuak, baina oso prisma desberdinetatik ikusiko dituzue hogei urte horiek zuok biok. Zuretzat, Ion, bizitza erdia pasa da Broken Brothersen zaudenetik.

I.C.: Hain justu ere, kar-kar. Gaztetarik hasi genuen zerbait da eta oraindik ere eusten dioguna.

Zuretzat, Amets, zure izenarekin erredundante samar geratzen bada ere, ez dakit amets bat ote zen talde honen parte izatea.

A.A.: Bada, egia esan bai. Barne lore hauetako bat da, baina kontatuko dut nola Brokenen bideoklip batean haiei begira agertzen naiz eta askotan erabili izan da irudi hori barne-meme moduan. Eta, begira, orain jotzen nago. Niretzat banda mitiko bat zen hirian eta beti ematen zidan arreta. Zirraragarria iruditzen zitzaidan eta, bapatean, bertan sartu izana eta jotzeko aukera eduki izana, bada bai, amets bat da.

Zenbat urte daramatzazu zuk?

A.A.: Pandemia ostetik, Euskaraldiakoa izan zen lehen aldia. Edo, ez, barkatu, Ponferradakoa agian, tira, 2020 edo 2021ean izan zen.

Disko hau sortzerako garaian ez dakit nola ibili zareten. Formazioan aldaketa asko egon da azken diskotik hona?

I.C.: Ez hainbeste esango nuke, ‘Katebegia’ atera zenetik nahikoa egonkortu dela taldea esango nuke. Aurreko diskoetan batetik bestera aldaketa gehiago egon ziren.

A.A.: Belaunaldi artekoa gehiago akaso ez? Bapatean pare batek utzi zutelako. Gure erritmoak oso brass bandekoak dira, esan nahi dut, motelak. Disko bat grabatzen dugun momentutik kaleratzen duguneraino anekdota asko daude eta denbora ere asko pasatzen da. 

I.C.: Eta gero zaila egiten zait, zeren diskoa grabatzeko momentuan den jendea Brokenekin jotzen dabil edo ibili da gehiago edo gutxiago oso aspalditik. Diskoan orain hauek dira, baina guztiek jo dute gutxienez Amets taldean dagoenetik, nahiz eta bera modu gonkorrean dagoen. Raquel (Arbeloa, perkusio-jotzailea), garaian, ez zen modu egonkorrean sartu, adibidez, Portugalera joan zelako bizitzera, baina orain taldekide finko bezala dago.

A. A.: Beste talde batzuekin alderatuta, gu kontzertuetara joaten direnak baino gehiago gara. Kontzertuetara bederatzi eta hamabi tartean joaten gara, posible den heinean, bestelako lanak ere baditugulako, mundu honek duen prekarietateari erantzunez. Baina bai, egia da grabatzerako momentuan saiatzen garela, nahiz eta ez lortu beti, denak egoten.

Sortze prozesuan norbaitek hartu du pisu gehiago edo sekzioka egin duzue edo nola etorri da?

I.C.: Ez, esango nuke hain justu disko hau dela konposizio aldetik kolektiboena. Egileen zerrenda buruz egiten hasita, inoiz baino gehiagok hartu du parte kantu edo doinuren batekin edo konponketak proposatuz, aurrekoak gehiago izan dira pertsona batenak edo birenak. Esango nuke nik lan gutxien egin dudan diskoa dela konposizio aldetik eta horregatik dela orain arte egin dugun diskorik onena. 

A.A.: Guk ere lan egiteko modu desberdin bat dugu. Kalean asko jotzen dugunez eta gauza berriak probatzen ditugunez bertan, egunero ia-ia ideia berriak sortzen dira. Uda batean kantu bat bestea baino gehixeago jotzen dugu esaterako, eta horri tiraka hasten gara eta zerbait ateratzen da hortik. Eta aurreko diskoak badu berezitasun bat eta hori da justu pandemia garaian sortua eta grabatua zela eta sanferminetan grabatu zenutela bederatzi egun elkarrekin egonaz, eta hau, berriz, denboran gehiago luzatu da; 2022tik diru gutxiago egongo zela pentsatzen dut gu kontratatzeko eta gehiago entseatzeko aukera izan dugu. Jende askok proposamen eta ideia berriak ekarri ditu sorkuntza gelara eta dena kolektiboan gehiago egiteko aukera eduki dugu.

Kantu baten izenburuak arreta piztu dit, ‘Sajrat Quays’, arabieraz idatzia. Ez dakit zergatik, baina titulua, Ion, zurea dela iruditzen zait.

I.C.: Jam delila (ebidentzia ugari arabieraz), kar-kar. Abderraman III.ak Iruñearen gaineko influentzia galtzen duen unean kristautasuna hegemoniko egiten hasten delako, zeren, izatez,  Iruñeko Erreinua euskaldunen eta islamdarren elkargunetik sortzen da, Abderraman Iruñea konkistatzen saiatzen da. Bere idazleek kontatzen dute kanpaina hori Sajrat Quays izeneko fortifikazio batetik bultzatzen hasten direla. Kontua da inork ez dakiela non dagoen, zeren glosa kristauetan ez dago iruzkinik toki horren inguruan eta musulmanek horrela deitu zioten toki bati baina ez dakigu zehazki non dagoen. Horregatik bukaerako mantra hori, «ez dakienak erran dezake, dakienak ez du erranen». Denbora guztian ‘Koan’ deitzen genion kantuari, kontrako bi esalditan zentratu eta meditatzeko moduari izen hori ematen zaiolako. 

Plaza dantza ugari musikatu eta sartu dituzue diskoan, ‘Hegi’ kantuan nork hartzen du plazan jauziak gidatzearen ardura?

A.A.: Saiatzen gara bertako dantzari bat engainatzen-edo.

I.C.: Hau justu jende askok dakien dantza-jauzi bat da, motza da eta egitura nahikoa jarraigarria da. Plazan hiruzpalauk baldin badakite, korro dezente bat eraman dezakete aise.

Euskaldun askok dugun gabezietako bat da hauek jarraitzen ez jakitearena.

I.C.: Bai, eta ez naiz gehiegi luzatuko, baina dantza-jauziena bada azken urteetako obsesio fuerte bat, bai musikari bezala, ni bertatik iritsi nintzelako eta Iruinkokoko musika gehiena horrela egina da, baina dantzan ikasi behar izan nuen hau ongi jo ahal izateko eta begirada polit bat lortu nuen. Baina Iruñekoa izan arren fanfarretatik urrun ibili naizen, pixka bat disoziatuta ere banengoen. Baina arratsalde pare bat baino ez dira, beraz, animo eta zuek ere batuko zarete.

Arin-arina eta fandangoa ere badira diskoan. Lehena bigarrena baino gehiago dantzatzen da plazan edo nire ustea da?

A.A.: Bai eta sekulakoa da, antropologikoki, zenbat aldatzen diren. Tapia eta Leturiarekin, oholtzan haiek bakarrik geratzen diren unean, sekulakoa da tokiaren, orduaren, eta publikoaren arabera zenbat aldatzen diren dantzak.  

Kalea aipatu dugu eta kale zaleak zaretela argia da, baina antzokietan ere egin zenuten emanaldi sorta bat. Ez dakit disko honekin ere horretarako asmorik ba ote duzuen.

A.A.: Bai, ideia da baietz. Guk biak sustatzen ditugu eta egia da udan kalea maite dugula denok gehiago, guk eta jendeak, baina gero, hotza heltzen denean, zerbait aurkezteko dugunean, sartzen gara barrura, antzokietara baino gehiago tabernetara, baina antzokietara ere bai. Eta aurten ideia da urria partean lan hau aurkeztea, eta, momentuz, urriaren 17an Iruñeko Laban, 30ean Bilboko Kalderapekon, eta azaroaren 20an, Gasteizen, Jimmy Jazzen. Hala ere gure kantu batek dio benetako jendeak kalean dantzatzen duela, eta esaldi hori bereziki maite dut. Izan ere diskoak elkargune dezente ditu euskal folkloretik, New Orleanseko musika tradiziotik, kalejira, second line eta halakoetatik.

Jaurlaritza Logoa