Zuzenean

Lide Hernando
Musikaria eta ‘Ad libitum’ saioko gidaria

Bedroom pop-aren gakoak argitzen

Bedroom pop terminoa gero eta entzunagoa da musikaren industrian, kasik genero berri baten aurrean egongo bagina bezala. Baina genero bat al da? Ala musika sortzeko modu berri bat? Zerk batzen ditu ‘berdoom pop’ etiketapean ezagutzen ditugun artista horiek guztiak?

Bedroom pop-aren gakoak argitzen

Loading player...
AimarZ-ren ‘udaraurdinbat’ bideotik
AimarZ-ren ‘udaraurdinbat’ bideotik (AimarZ)

Udara honetan AimarZ ikusteko aukera izan dut. Aspektu musikalean aportatu ahal izan didana baino gehiago, harritu egin nau bere eszenografiak: ez musikaririk, ez anplifikagailurik, ez ezer: ohe bat jarri ohi du AimarZ-k oholtzaren erdian; eta emanaldiko beste pertsonaia bat balitz bezala, ohe horren esturkturarekin jolasten du artistak uneoro.

Aimar Zurriarain Asurmendi artista zumarragatar gazteak ez du kasualitatez hautatu ohe bat bere oholtzako elementu bakar gisa jokatzeko. Horren atzean bere unibertso intimoa jendeari erakusteko intentzioa dago, batetik; baina, batik bat, gero eta zabalduagoa dagoen tendentzia musikal baten erakusgarria da ohe hori: bedroom pop-arena edo, euskaraz, logelako pop-a.

Urtez urte gero eta helduagoa den Z belaunaldiak guztiz bere egin duen estilo batez ari gara bedroom pop-a aipatzerakoan; eta, noski, bere izaeraren gakorik handienak terminologiak berak ematen dizkigu: logelaren intimotasunean, teknologia berriak eskainitako baliabideekin sortutako pop kutsuko abestiez eta proiektuez ari gara. Dena den, askotariko koloreak topa ditzakegu bedroom pop gisa kalifikatutako abestietan; eta honek galdera hau egitera narama: logelaren intimotasun hori kenduko balitz, zertan geldituko litzateke bedroom pop delako hori?

Esfortzu bat eginez gero, ordea, korronte honetatik ateratako artisten artean (jar ditzagun AimarZ Euskal Herrian, Cupido Espainiar Estatuan eta Clairo Estatu Batuetan, esaterako) ezaugarri amankomun batzuk topa ditzakegu. Horien artean Do It Yourself izpiritu bat azpimarratu liteke; ekoizpen amateur minimalista baina interesgarri bat; Lo Fi soinua; eta, agian nahita ez bada ere, pop melodietarako joera argia.

Agian korronte honek musikaren sorkuntzari dagokionez duen testuinguru intimoak bultzatuta edo, bedroom pop-ak ere izan du dikotomia tamalgarri bat bere historia laburrean: korronte honetako artista askok pertsona bakarti bezala identifikatzen dutela euren burua eta, internetek baimendutako biraltasunaren baitan, artista askori hartarako prest egon baino askoz lehenago iritsi zaiela fama; horrek gorabehera psikologiko asko suposatu dizkielarik.

Garaiari loturiko bidea

Bedroom pop kontzeptua indarrez hazi zen 2010eko hamarkadan, oraindik nerabe zen Z belaunaldiak bere kode propioetan espresatzeko zuen beharragatik batzuetan, erabaki estetiko huts gisa besteetan; edo besterik gabe, garaiak hala baimentzen zuelako: ahal zelako. Internet joan den mendearen amaieran agertu eta garatu izanak, demokratizazio teknologikoarekin batera, musika ekoizteko eta argitaratzeko aukerak eta sarbideak berdindu ditu, eta demokratizazio horren ondoriorik garbienak 2010etik aurrera nabaritu dira. Lehengo grabaketa-estudio tradizionalek eta zigilu diskografikoek jarritako filtroak zekarren enbutu hori nabarmen arindu du internetek, bakoitzak bere etxetik abestiak sortu, ekoitzi eta hodeira igotzea baimendu duelarik.

Eta bedroom pop-aren lehen olatua 2010eko hamarkadan gertatu bazen, bigarren olatu eztabaidaezin bat egon da duela gutxi: 2020ko konfinamenduan, alegia. Webcamei kea zeriela, belaunaldi berri honek itxialdiari etekina atera zion, freskotasunari eta sormenari tiraka.

Norberaren musika kalitate gero eta onargarriago batekin erregistratzeko aukerak dakarren ahalduntze horrek funtzio berri bat topatu du: bakardadean zegoen sortzaile horren sormen gosea asetzea eta horri irtenbide bat ematea, interneteko hodeian zintzilikatzea bada ere. Eta hizkuntza berri bat sortu du horrek; interesgarria den zerbait esan nahi digun belaunaldi berri baten hizkuntza.

Jaurlaritza Logoa