Zuzenean

Nerea Kortajarena EH Bilduko Programa idazkariak berretsi du prest dagoela Donostiako alkategai izateko, alderdiaren oinarriek hala erabakitzen badute. Donostiako EH Bilduren Mahai Politikoak haren izena proposatu du 2027ko udal hauteskundeetarako, eta Kortajarenak NAIZ Irratian azaldu du erabakia «barru-barrutik ateratzen zaion konpromisoa» dela.
«Ni oso donostiarra naiz», adierazi du. Haren ustez, azken urteetan hiriak hartu duen norabideak gero eta zailago egiten du herritar askok beren eguneroko bizitza Donostian garatzea. «Maila handi batean eskutik joan zaigu hiri hau, eta askotan herritarrentzat, donostiarrentzat, arrotz gertatzen ari zaigun hiria da», ohartarazi du.
Kortajarenaren arabera, egoera horren adierazle nagusietako bi turistifikazioa eta etxebizitza dira. Hala ere, aldaketa posible dela defendatu du. «Konbentzituta nago aurrera begira eraiki behar den Donostia harro sentitzeko moduko Donostia bat izan daitekeela».
«Arnas luzeko prozesua izango da»
Donostiako egungo hiri eredua lau urtean aldatzea posible ote den galdetuta, Kortajarenak aitortu du ez dela berehalako prozesua izango: «Arnas luzeko prozesu bat izango da».
Arazoen konplexutasuna dela eta, elkarlana ezinbestekotzat jo du, eta testuinguru horretan emakumeen lidergoak ekarpen berezia egin dezakeela defendatu. Haren iritziz, lidergo femeninoek boterea partekatzeko eta arazoak ertz guztietatik aztertzeko joera handiagoa izan dezakete.
«Emakumeok lidergoa beste modu batean eraikitzeko eta burutzeko planteamendu bat daukagu», adierazi du. Izan ere, politikagintzan berehalako titularrek eta neurri ikusgarriek pisu handiegia hartu dutela ere kritikatu du. Bere ustez, horrek arazo konplexuak sinplifikatzeko arriskua dakar.
«Politikagintzan oso gizonen politikagintza batean gaude, baita Euskal Herrian ere», esan du. «Berehalako titularren behar horrekin, askotan eskuartean ditugun arazo oso konplexuak sinplifikatzen dira».
Kaleko afari solidarioak: «Debekutik ez»
Donostiako Kaleko Afari Solidarioen jardueraren debekuaz ere aritu da Kortajarena. Gaiak bereziki ukitzen duela azaldu du, politikaren lehen lerroan sartu aurretik 17 urtez etxerik gabeko eta bazterketa egoera larrian zeuden pertsonekin lan egin baitzuen.
Garai hartan Donostiako Udalaren eta hirugarren sektoreko elkarteen arteko elkarlanetik gaur egun erreferentziatzat jotzen diren hainbat baliabide sortu zirela gogorarazi du. «Donostiak duen eredu propio hori elkarte horiekin lanean eraiki da, ariketa zintzoak egitetik, eta ez debekutik», nabarmendu du.
Horregatik, Udalak Kaleko Afari Solidarioekin izandako jarrera kritikatu du. «Udalak aukera erraldoi bat galdu du pertsona horiekin lanean aritzeko». Kortajarenaren arabera, elkartasun sare horiek administrazioak bete ez duen hutsune bat bete dute azken urteetan. «Ukaezina da elkarte honek bete izan duela administrazioek bete behar zuten eta bete ez duten leku bat».
«Inprobisazio asko dago»
Gasteizko Legebiltzarreko egoerara jauzi eginda, Kortajarenak gogor kritikatu du Lakuako Gobernuaren jarduna. «Nik aspaldi esan nuen euskal politikagintzan gizonkeria asko dagoela», gogorarazi du, baina arazo nagusia beste bat dela erantsi du: «Inprobisazio asko» dagoela.
Bere ustez, legealdiari norabide argia ematea falta izan zaio Jaurlaritzari. Pradales lehendakariaren jarrera ere kritikatu du. Haren iritziz, gai estrategiko batzuetan ez da behar beste posizionatu. «Transzendentzia duten kontuen inguruan ez dugu lehendakariaren posizioa entzuten», adierazi du.
Zazpi eremu akordiorako
EH Bilduk, hala ere, akordiorako aukerak badaudela defendatu du. Kortajarenak azaldu du Pello Otxandianok zazpi gai konkretu eraman zizkiola Imanol Pradales lehendakariari elkarlanerako esparru gisa.
Etxebizitza da horietako bat. «Ageriko desadostasunak ditugu, baina etxebizitza babestuaren inguruan eskala handiko erreakzio bat behar dugula konpartitzen badugu, estrategia hori adosteko saiakera egin beharko genuke».
Osakidetza ere lehentasunen artean jarri du. Kortajarenak «oso arazo laboral potentea» dagoela esan du, eta kritikatu du egoera Monica Garcia Espainiako Osasun ministroaren erantzukizunera mugatzea. «Hemen konpetentzia asko ditugu osasun arloko profesionalen lan baldintzak hobetzeko», gogorarazi du.
Larrialdi klimatikoa, migrazio politikak, adimen artifiziala, industria eta euskara dira aipatutako beste esparruetako batzuk. Euskarari dagokionez, «ezagutzarako eskubide unibertsalaren» inguruan adostasunak bilatzeko aukera ikusten du.
Estatus berria eta hauteskunde giroa
Estatus politiko berriaren negoziazioari dagokionez, diskrezioa beharrezkoa dela defendatu du Kortajarenak. Ez du eperik jarri, baina aurrerapausoak emateko aukera dagoela eta negoziazioan ari diren kideengan «erabateko konfiantza» duela azaldu du.
2027ko hauteskundeek ikasturte politikoa baldintzatuko dutela aitortu du. Baina Kortajarenaren ustez, Euskal Herrian Espainiako Estatuan baino tentsio politiko txikiagoa egotea ez da nahikoa. «Euskal singularitate hori ez dadila tonu edo formetara mugatzen den zerbait izan; izan dadila benetan herri honek dituen erronkei eta herritarrek helarazten dizkiguten kezkei erantzuteko bide bat».
Bestela, ohartarazi du, «legealdi hau amaitutzat emateko arriskua benetakoa izan daiteke».


