Zuzenean

Peli Lekuona | Hegoi Belategi

Hauteskunde ziklo berrian «erantzukizunez» jokatzera deitu du Geroa Baik

Datozen hilabeteetan etor daitekeenarekiko «urduritasuna» ikusten du klase politikoan Geroa Baiko senatari Uxue Barkosek. «Erronka ederra» da eta prest ikusten du alderdia Barkosek azken urteetako aurrera pausoak babesteko. Senatua berriz, PPren «erakusleihorik zakarrena» bezala definitu du.

Hauteskunde ziklo berrian «erantzukizunez» jokatzera deitu du Geroa Baik

Loading player...
Uxue Barkos NAIZen Iruñeko erredakzioan.
Uxue Barkos NAIZen Iruñeko erredakzioan. (Iñigo Uriz | Foku)

Ziklo politiko garrantzitsua izango du aurretik Nafarroak datozen hilabeteetan. Foru Parlamenturako hauteskundeek bat egingo dute udal hauteskundeekin 2027ko maiatzean. Eta oraindik hilabete horren aurretik edo ostean izango diren zehaztea falta bada ere, Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak ere nahastuko dira giro horretan. Gehiengoak partekatutako beharretara erreparatzeko unea dela dio Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak. «Erantzukizunez» jarduteko unea da nabarmendu duenez, Nafarroan azken 12 urteetan gauzatutako paradigma aldaketan atzerakadarik eman ez dadin, «aurrekontuak bideratu beharko ditugu eta zentzu horretan erronka ederra daukagu eskuartean ikasturte politiko honetan lanari ekiteko». 

Bistan denez, diskurtso politiko atzerakoiek gero eta tarte handiagoa dute eta horrek «urduritasuna» eragin du Barkosen iritziz alderdi askoren artean, baita Nafarroan ere. Mehatxu horien aurrean, eta Nafarroan UPNk agintetik atera zenetik lortu den egoera politiko, sozial eta ekonomikoan azpimarra eginez, ezberdinen arteko akordioak lehenestearen beharraz mintzatu da Barkos, «2027rako uste dut lortu beharko genukeela, anbizioz, nola ez. Geroa Baik anbizioz jokatuko du Nafarroaren interes orokorra defendatzerakoan». 

Mehatxu atzerakoi horretan, UPNk bila ditzakeen bazkide berriekin kezkatuta daude Geroa Bain. «UPNk boterea berreskuratzeko VOX beharko balu, VOXekin osatuko luke taldea?», galdetu du Barkosek. Zentzu horretan Geroa Bai koalizioan, legealdi berrirako ildoak fintzen ari badira ere, azken urteetako oinarriei eutsiko dietela iradoki du eta ondorioz, herritar gehienen beharrak lehen lerroan ipini alderdikerien aurretik, «proiektu politikoak garrantzitsuak dira, bereziki demokratikoki aurrera egin nahi dugunon artean».

Nafarroako mapa politiko anitz eta konplexuan euren papera arduraz jokatu nahi dute beraz, baina protagonistak izateari uko egin gabe. «Geroa Bairen apustuak ezinbestekoak dira gure gizarteak erronkei aurre egiteko», adierazi du Barkosek. 

Aldaketa handientzako aukerak

Eskuina Nafarroan, bertakoa eta espainiarra, Nafarroak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin bat egiteko duen eskubide konstituzionala indargabetzearekin tematuta dabil, ziur asko abertzaletasunaren aldeko jarrera indartsuen dagoenean azken hamarkadetan. Eskari hori UPNk hauteskunde bakoitzean darabilen «mamua» dela zehaztuz, argi utzi du bere posizioa Barkosek, «laugarren xedapen irangankorra orain mugitzeak ez du zentzurik. Ez dakit zergatik Nafarroako herritarren esku egun den erabakitzeko aukera demokratiko bat hortik atera».

Are eta argiago da senataria euskarak Nafarroan eduki behar duen estatusaren inguruan galdetuta: «euskararen zonifikazioak ez dauka zentzurik». Kasu honetan, aritmetika parlamentarioa konplexuagoa izan dela gogora ekarri du, eskuina ez ezik, PSN eta IU ere aurka egon direlako historikoki. «Gizartearen aurrera pauso batzuk» ematen badira ordea, aldaketarako aukera errealak ikusten ditu Barkosek, «uste dut une honetan posible litzakeela zonifikazioaren amaiera negoziazio batean sartzea». 

Senatuko errealitateaz 

Senataria den heinean, jarduera legegileaz badaki zerbait Uxue Barkosek eta gehiengo osoa duela aintzat hartuta, baita PPk politika egiteko duen moduaz ere. Goi ganbera alderdi eskuindarraren «erakusleihorik zakarrena», iruditzen zaio Barkosi eta ez dela gai izan eskuartean zuen tresna politikoa baliatzeko. «Benetan uste dut zakarrontzira bota duela aukera bat bere politika egiteko», esan du Uxue Barkosek. 

Jaurlaritza Logoa