Zuzenean

Arantzako Udaletxea hartu du Kosta Ala Kosta saioak astelehen honetan. Denboraldiko laugarren geldialdia izan da Julene Goiburu eta Iker Gurrutxagarentzat, eta lehenengo geldiadia, oporretatik itzuli berri den Ion Garaterentzat; baita gaur bertan Arantzatik abiatu berri den Mugaldeko udaleku ibiltariko gazteentzat ere.
Aurtengoa Mugaldeko udalekuen hirugarren edizioa da. Udaleku hauek, Oiartzungo Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin elkarlanean, Sara, Urruña eta Bortzirietako Udalekin batera antolatzen dira. Gaur bertan Arantzan hasi eta hilaren 19an Saran amaituko diren udalekuak, tartean Urruñatik eta Oiartzundik ere pasatuko dira.
Saioko lehenengo gonbidatuak Ione Josie, Urruñako Euskara Teknikaria, eta Mari Heguy, Euroeskualdeko arduraduna, izan dira. Argi azaldu dute, euskara ardatz duen udaleku honek, etorkizuneko mugaz gaindiko lurraldea sortzeko helburua dutela.
Eñaut Larretche eta Maddi Fernandez, Udalekuko bi begirale izan dira hurrengo gonbidatuak. Gazteak urduri bai, baina baita begiraleak ere. Udalekuen dinamikaz, prestakuntzaz eta aurreikuspenez aritu dira solasean.
Goizeko 10etan ziren heltzekoak udalekuan parte hartuko duten 40 gazteak. Julene hauekin solastera joan da. Batzuk lehenengo urtea dute aurtengoa, beste batzuk ordea badute esperientzia honetan.
Leire Mitxelena, Bortzirietako Euskara Zerbitzuko ordezkaria eta Arantzako euskara zinegotzia, eta Aitzol Perez de San Roman, Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilguneko teknikaria izan dira hurrengo gonbidatuak. Azaldu dute, Oiartzundik etorri zela udalekua sortzearen ideia, baina azken urteetan forma guztien artean eman dietela. Euskarazko aisialdia sustatzea du helburu udalekuak, Ipar Euskal Herriko zein Hego Euskal Herriko gazteen arteko loturak sendotzea eta norberaren inguruko bazterrak zein kultura ezagutzea. Eta horretan arituko dira, datozen egunetan.


