Zuzenean
«Gehiengo nahikorik ez izatea da traba nagusia oroimen historikoan aurrera egiteko»
Oroimen historikoaren arloan tokiko administrazioetatik «lan handia» egin daitekeela dio Joseba Asiron Iruñeko alkateak, baina traba handia izaten dela «gehiengo nahikorik ez izatea». Erorien monumentuaren auzia jarri du horren adibide Oroimenaren Geltokia saioari eskainitako elkarrizketan.
«Gehiengo nahikorik ez izatea da traba nagusia oroimen historikoan aurrera egiteko»

Erorien monumentua eraistea ez zela aukera erreala berretsi du Joseba Asiron Iruñeko alkateak NAIZ Irratiko Oroimenaren Geltokia saioan: «Ez genuen gehiengo politikorik ez Udalean eta ezta Parlamentuan ere». Tokiko admnistrazioetatik memoriaren arloan egin daitekeen lana izan du hizpide.
Alkate izateaz gain, historialaria zara eta historiako irakaslea ere izan zara. Kale, plaza eta eraikin bakoitzak iraganeko bertsio bat duela jakiteak nola aldatzen du hiri bat begiratzeko eta gobernatzeko modua?
Aldatu egiten du bai, eta nire ikuspuntutik oso modu interesgarrian. Hiriaren elementu bakoitzak bere balio historikoa baduela adierazten dizu; eta ez bakarrik monumentuek eta jauregiek, hori badakigu, gauza xumeek ere bai: adibidez, herritar normalak bizi ziren lekuak edo hiriko bankuak, iturriak, farolak, estolderia... Azken finean, monumentuek ezohiko gauzak ordezkatzen dituzte, baina gauza xumeek egunerokotasuna sinbolizatzen dute. Historialaria izanda, errazago ikusten duzu halako elementuen garrantzia.
Ba al dago Iruñeko txokoren bat alkate zarenetik ezberdin begiratzen diozuna bertan gertatutakoagatik?
Bai, baina ez hainbeste alkate naizelako, oroimen historikoa ezagutu dudalako baizik; nire txikitako jolastokia, Gazteluko ingurubidea: fosoak, zitadela eta inguru hori. Bertan pasa nuen nik haurtzaroa eta toki zoriontsua izan zen niretzat. Gero, berriz, ikasi izan dut fusilamenduak egon zirela eta benetan gauza oso mingarriak gertatu zirela frankismoaren garaian eta nire ikuspuntua, ikusteko modua, eraldatu du, bai.
Azken urteetan Iruñean oroimen historikoaren aldeko lan nabarmenak egin dira, besteak beste, 2017an kereila aurkeztu zenuten frankismoko krimenengatik. Zer balio izan zuen hark?
Sare bat eratu genuen Estatu mailan, oso hiri ezberdinen artean, garai hartan udal gobernu ezkertiarrak zituztenen artean. Bertan ziren Madril, Bartzelona, Rivas-Vaciamadrid, Zaragoza, Valentzia... eta Euskal Herrian, Iruñea eta Gasteiz. Auzi horretan Iruñeak eraman zuen nolabaiteko lidergoa. Madrilen eta Estrasburgon ere egon ginen gure kereila defenditzen. Azkenean ez zen onartu; baina, adibidez, Iruñean Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa sakona egin zuen Udalaren eskutik, bulego bat ireki genuen ahozko testigantzak jasotzeko...
«Guk egin duguna izan da posible zena, kasu honetan, faxismoa goraipatzeko egin zen monumentu bat faxismoa salatzeko elementu bilakatzea»
Niretzat balio demokratikoa izan zuen eta azkenean onartu ez zen arren, egia da aitortza inoiz baino gehiago lortu zela. Iruñean unibertsitatearen eskutik egin genuen lana oso baliagarria izan zen gaiari dimentsioa emateko eta jakiteko, adibidez, Iruñean soilik 309 erail egon zirela gerra fronterik egon ez zen arren. Gauza horiek ikasi genituen momentu hortan.
Oroimen historikoari loturik Erorien monumentua egon da eztabaidaren erdigunean azken urteetan. Badira hura eraistea eskatzen dutenak eta baita eraikina baliatuz esanahi berri bat eman nahi diotenak ere. Zein da zure iritzia?
Erorien monumentuaren inguruko eztabaida planteatu izan da eraistea ala mantentzearen aldeko dikotomia izango balitz bezala; baina egiazko dikotomoa ez zen hori dikotomia, benetako aukerak ziren eraldatzea ala deus ez egitea. Eraistea ez zen momentu horretan aukera bat izan, gehiengo politikoaren faltagatik. Adibidez, eraitsi baino lehenago eraikinak zeukan babes legala deuseztu behar zen eta hori Parlamentuan egiten da eta Parlamentuan ere ez genuen gehiengo politikorik.
Azkenean, aukera errealari eutsi genion eta hori zen eraikina eraldatzea. Nire ustez gauza oso on ba egiteko, gainera, faxismoa goraipatzeko zen elementu bat faxismoa salatzeko elementu bihurtzea. Hori niretzat inportantea da. Adituen batzordeak erabaki zuen zer eduki eman ahal zitzaion eraikin horri eta erantzuna izan zen memorial bat egin ahal zela, giza eskubideak goraipatzeko memoriala eta horren lehen elementua izango zela eraikina bera; baina hori bai, eraldatua. Eta nola eraldatu? Arkitektura lehiaketa baten bitartez, non, gainera, prozesu parte hartzaile bat txertatuko dugun. Beraz, benetan errealak ziren aukeren artean nire ustez aukerarik onena hautatu genuen.
Eta zer esango zenieke eraikina mantentzeak zauri bat irekita mantentzea dakarrela sentitzen dutenei?
Errespetu osoz, noski, nik ulertzen ditut jarrera guztiak. Baina, badira ere beste aditu batzuk esaten dutenak eraikina botatzeak amnesia suposatuko zuela eta, aldiz, eraldatzeak suposatuko duela zerbait pedagogikoa egitea, zuzenketa moduko bat. Halere, berriro diot, eraistea ez zen aukera bat, ez zegoen gehiengo politikorik horretarako. Eraldatzearen alternatiba bakarra zegoen bezala mantentzea zen. Guk egin duguna izan da posible zena, kasu honetan, faxismoa goraipatzeko egin zen monumentu bat faxismoa salatzeko elementu bilakatzea.
Biktimek egia, justizia eta erreparazioarako eskubidea dute eta 2015ean alkate izendapena jaso zenuenean, konpromiso hori berretsi zenuen. Udaletik, zer eskaini dezakezue plano hauetan?
Biktimen aitortzari dagokionez lan handia egin daiteke. Guk bere momentuan kereila aurkeztu genuen, baina gero eskala txikian ere lan handia egiten da: oroimen puntualak, plakak behar den tokietan jartzea, kale izendegian...
«Lan handia egin daiteke udaletatik: tokiko biktimen izenak berreskuratu daitezke, memoria lekuak identifikatu daitezke, seinalatu, artxiboak ireki edo sortu... eta beste gauza oso inportante bat, udaletatik belaunaldi berriekiko dibulgazioa egin daiteke»
Aldaketaren aldeko udal Gobernuak lan handia egin du. Lehenengo eta behin, konbentzituta geundelako; eta bigarrenik, gu baino lehenago eskuina bakarrik egon zelako Gobernuan eta horiek deus ez zutelako egin. Orduan, iritsi ginenean mihise zuri bat aurkeztu genuen horren gainean margotzeko guk margotu nahi genuena, ez zegoen deus egina. Horregatik, esango nuke Iruñea dela Estatu mailan, beharbada, gehien egin duen hiria edo gehien egin duen horietako bat.
Udaletik zeintzuk dira traba nagusiak oroimen historikoaren alde egiteko? Zer da alde edo kontra izan duzuena?
Trabak, dudarik gabe, gehiengo politikorik ez izatea. Iruñeko Udalean PSNrekin, sozialistekin, badugu gehiengoa gauza asko egiteko eta gauza asko egin ditugu kale izendegian plakak jartzerakoan, ikerketak bultzatzeko momentuan... Baina, adibidez, nahiz eta zerbait egiteko borondatea izan, PSNk ez zuen onartzen Erorien monumentuari dagokionez eraistearen aukera. Orduan, kasu horretan adibidez, gehiengorik ez izateak traba bat suposatu zuen.
Aldekoak? Nik esango nuke udalak badirela hiritarrengandik gertuen dauden instituzioak eta horrek ahalbidetzen dizu, adibidez, jendearen sentsibilitatea hobeto entzutea, edo, adibidez, memoria historikoaz arduratzen diren kolektiboekin lan egitea.
Tokiko administrazioetatik zer egin ahal duzue oroimen historikoaren defentsan?
Lan handia egin daiteke udaletatik. Adibidez, tokiko biktimen izenak berreskuratu daitezke, hauek zabaldu ezagutarazi daitezen; askotan ahaztu egin direlako, pertsona ahaztuak izan direlako hamarkadetan zehar. Memoria lekuak identifikatu daitezke, seinalatu, artxiboak ireki edo sortu, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin guk egin genuen moduko ikerketak bultzatu, omenaldiak, errekonozimenduak... eta beste gauza oso inportante bat, udaletatik belaunaldi berriekiko dibulgazioa egin daiteke. Noski, horretarako tresnak ere behar dira, borondatea, sentsibilitatea, gehiengo politikoa... eta, batez ere, jarraikortasuna. Egindako bideari jarraikortasuna eman behar zaio.
Zelan eman ahal zaie jarraikortasuna pedagogia edo dibulgazio lan hauei? Udaletatik badituzue eskumenak hezkuntzan edo bestelako sailetan intziditu ahal izateko?
Guk, adibidez, Udal gisa egin ditugu unitate didaktikoak eskoletan erabiltzeko. Egia da heziketa mailan ez dugula eskumenik, ez dugula aukera gehiegirik, baina dibulgazioari dagokionez, adibidez, bere garaian egin genuen unitate didaktiko bat Iruñeko historiari buruzkoa eskoletan lantzeko; orain dela gutxi egin dugu sanferminei buruzko beste unitate didaktiko bat, festekiko identifikazioa errazteko; memoria historikoari dagokionez, beste horrenbeste egin daiteke... Nahiz eta heziketa ez den udalen zeregina, norberaren historiaren eta baloreen dibulgazioan bai egin daitezkeela gauzak.
Oroimen historikoa ez da iraganera begiratzea bakarrik, kultura demokratikoa eraikitzeko garrantzia handikoa da. Iruñeko orainak zer ohartarazpen egiten digu? Zer begirada dago iraganarekiko eta zer etorkizun ekarri dezake?
Historikoki Iruñea hiri txikia izan da, oso homogeneoa, harresiz inguratua, barruan batez ere militarrak eta apaizak ziren nagusi, esaten zen ez zegoela Iruñean leku bakar bat ere entzuten ez zirenak elizako kanpaiak edo kuarteletan zeuden militarren kornetak. Zorionez, Iruñea hori dagoeneko ez da existitzen, gaur guztiz bestelakoa da: Iruñea hiri irekia da, hiri anitza eta dauden harresi bakarrak burukoak dira eta horiek dira orain hautsi behar ditugunak.
Iruñean izan ditugu hiru zabalgune, harresiak bota eta hiria zabaltzen joan den heinean; orain azken zabalgune bat behar dugu, buruari dagokiona eta hori konplikatuagoa. da. Zentzu horretan, orain saiatzen ari gara elkarbizitza bultzatzen, elkarbizitza integrala. Urruneko zein gertuko oroimenarekiko, elkarbizitza ideologikoa, sexu generoari dagokiona, elkarbizitza erlijiosoa... Beraz, oroimena behar bezala tratatuz elkarbizitza berri baten bila jo behar dugu, baina elkarbizitza, kasu honetna, hitz larriz idatzitakoa, integrala.


