Zuzenean

Atharratzen hasi eta Getxora iritsiko dira EuskarAbenturan parte hartuko duten 130 gaztetxoak uztailaren amaieran. Euskal Herriko lurralde guztietatik eta diasporatik etorritako lagunak abenturatik haratago euskaraz bizitzeko espazioa eskaintzen du EuskarAbenturak sorreratik. Haizea Solagurenbeaskoak aitortu duenez, 2018an sortu zen eta ekarpena egiten die gazteei zein euren ingurune sozialean daudenei. «Euskararen bideari guk ere ekarpena egin nahi diogu», adierazi zuen Naiz irratiari eskainitako elkarrizketa baten bidez.
Espedizioan jatorri ezberdinetako 15 eta 17 urte bitarteko nerabe euskaltzaleek parte hartuko dute 500 kilometroko ibilbidea etapaka eginez. Proposamenak gazteen euskararen erabileran aldaketa bat eragitea dauka helburu nagusi, hala ere, Solagurenbeaskoak adierazi duenez, beste eremu batzuetan ekarpenak izaten ditu. «Elkarren arteko harreman horretan gauza interesgarri eta politak ateratzen direla uste dut. Lagun berriak, kontzientzia, ezagutza handiagoa… eta hori da aberasgarriena», ziurtatu du.
Jakinarazi duenez, bate zbeste, egunero 17-20 bat kilometro egiten dituzte, «badaude egunak, 29 kilometrokoak eta badaude egunak 10 kilometrokoak». Etapak egiterakoan partaideak hiru talde ezberdinetan banatzen dituzte ibilbidea erosotasunez egiteko eta antolakuntza teknikoa errazteko. Partaideak gazteek izan dezaketen ibiltzeko ohituraren arabera sailkatzen dituzte trikuak, katagorriak eta erbiak izeneko taldeetan. «Badaude oso aktiboak diren gazteak eta badaude hainbeste mugitzen edo ibiltzeko ohiturarik ez daukatenak», azaldu du; «talde txikiagoekin denek gustora egin dezakegu etapa».
Olatu laranjaren parte izan nahi zuten gazteek aukeraketa prozesu bati aurre egin behar izan zioten lan pare bat aurkeztuz. Alde batetik, bideo bat egin behar izan zuten euren burua aurkeztuz. Bestetik, formatu ezberdineko beste lan bat sortu zuten antolatzaileek proposatutako hiru galderetako bati erantzunez.


