Zuzenean

Maria Amolategik urteak daramatza musikaren eta komunikazioaren munduan. Beasaindarrak gaztetatik hasi zuen bere ibilbidea Sugan taldean, eta ordutik hainbat proiektutan parte hartu du: Matilda taldean, bakarlari moduan eta telebistan aurkezle, coach eta kolaboratzaile gisa.
Hala ere, bere ustez, bidea ez da helmuga batera iristea. «Nire tokia ez dut aurkitu, baina ez musikan bakarrik, bizitzan ere ez», azaldu du. Bere esanetan, lekua ez da aurkitzen den zerbait, eraikitzen den zerbait baizik. «Dinamikoa da. Orain ez naiz duela bi urte nintzena, eta ez dut uste leku batean betiko kokatu nahi dudanik».
17 urterekin disko bat grabatzen
Musikan profesionalki hasi zeneko garaiak gogoratzean, harriduraz hitz egin du. Sugan taldearekin lehen diskoa grabatu zuenean 17 urte besterik ez zituen.
«Beste pertsona baten bizitza ematen du», aitortu du. Garai hartan ez zirela benetan gertatzen ari zenaz jabetzen azaldu du: «Disko bat grabatzen, kontzertuak ematen eta erreportajeetan agertzen ginen, baina ez ginen kontziente».
Atzera begiratuta, ez luke ezer aldatuko. «Orain dakidana ez nekien 17 urterekin. Bakoitzak bere ikasketa prozesua egin behar du».
Emakume gazteak industria maskulinizatu batean
Musikaren munduan hasi zirenean hiru emakumez osatutako talde bat ez zela ohikoa gogoratu du. «Gure garaian ez zen normala rocka egiten zuen neska talde bat ikustea».
Urteekin konturatu da gaztetasunak eta esperientzia faltak hainbat egoeraren aurrean babesgabe uzten zituela. «Orain pentsatzen duzu gauza asko ez zenituzkeela berdin egingo, baina 17 urterekin ez duzu tresnarik hori guztia ulertzeko».
Bere ustez, gaur egungo belaunaldi gazteek abantaila bat dute: erreferente gehiago dituzte eta hainbat gai normalizatuago daude. «Guk ez genituen elkarrizketa hauek izaten. Orain gehiago hitz egiten da eta hori eskertzekoa da».
Talde batetik bakarlari izatera
Sugan taldearen ondoren Matilda proiektuan murgildu zen, eta han hasi zen bere sormenaren gidaritza hartzen. «Han hasi nintzen letra eta musika nireak ziren abestiak egiten».
Bakarkako proiektura igarotzea modu naturalean etorri dela dio. Hala ere, bakarlaria izateak ez duela bakarrik egotea esan nahi azpimarratu du. «Atzean musikari oso onak daude. Nik ez nuen nahi dena nire gain egotea».
Horrek askatasuna eman diola aitortu du: «Azken hitza nirea da, eta hori talde batean ez da beti gertatzen; nahiz eta entzuteko prest nagoen inguratzen naizen horien iritziak jakiteko ere».
Sare sozialen logika ulertzen ez duen artista
Egungo musikaren industriaren inguruko kezkarik handienetako bat sare sozialen presentzia dela azaldu du. «Ez dut ulertzen zergatik sortu behar dudan etengabe edukia», adierazi du. Bere ustez, musikaren gainetik pertsonaren egunerokoa saltzera bideratu da industria. «Artista baten musika gustatzen bazait, bere musika entzun nahi dut. Ez dut behar egunero zer egiten duen jakitea».
Musikatik bizi ez denez, ez du presio horretan erori nahi. «Ez dut nahi edukia sortzearen beharra sentitzea».
Telebistaren atzealdea
Telebistarekin harremana txikitatik hasi zuen, baina jauzi handiena La Voz saioan parte hartu zuenean etorri zen. Esperientzia positibotzat jo du, nahiz eta telebistaren logikak argi ikusi zituen.
«Musika baino gehiago askotan bizitza pertsonalaren inguruko istorioak bilatzen zituzten», gogoratu du. Hala ere, saio hartatik hainbat lagun eta harreman profesional garrantzitsu eraman zituela nabarmendu du.
La Voz-en ostean euskal telebistan lanean hasi zen, eta gaur egun ere hainbat saiotan parte hartzen du.
Itxuraren presioa emakumeentzat
Telebistan emakumeek jasotzen duten presio estetikoaz ere hitz egin du. «Makillatuta, orraztuta eta takoiekin agertzen nintzen. Nik ez ditut takoiak inoiz erabiltzen», azaldu du.
Bere esanetan, gizonek askotan askatasun handiagoa dute janzteko eta aurkezteko orduan. Horregatik, urteekin bere estiloa defendatzen ikasi du. «Ni eroso ez banago, ezin dut nire lana ondo egin».
Euskal kantagintzaren memoria berreskuratzen
Azken urtean SOS Kantak Arriskuan saioan ari da lanean. Euskal Herriko herriz herri galduta edo ahaztuta dauden kantuak berreskuratzen dituzte bertan.
Amolategiren ustez, programa «historikoki oso garrantzitsua» da. Herrietako memoria, hizkuntza eta transmisioa jasotzen dituelako.
«Askotan ez dago ezer idatzita. Norbaitek bere amonari edo aitonari entzundako kanta da eta hortik berreskuratzen da».
Gainera, Euskal Herriaren historiaren pasarte ugari ezagutzeko aukera eman diola dio. «Kristoren ikasketa izan da».
Emakumeen presentzia historikoa, bigarren planoan
Saioan jasotako materialari erreparatuta, emakume sortzaileen presentzia oso txikia izan dela aitortu du. «Ez naiz gai orain emakume baten izena esateko», azaldu du.
Gehienetan protagonismoa gizonezkoek izan dutela dio, nahiz eta transmisio lanetan emakumeek funtsezko papera jokatu duten. Horrek, bere ustez, garai bateko errealitate soziala islatzen du.
Emakumeak, gero eta toki hobean
Hala ere, gaur egungo egoerari baikortasunez begiratzen dio. «Oso toki onean gaude eta hau hazten ari da», adierazi du. Emakume gazteek gero eta konplexu gutxiago dituztela eta erreferente gehiago dituztela uste du.
Euskal musikaren egoera ere osasuntsutzat jo du. Duela hamar urte pentsaezinak ziren hainbat lorpen gaur egun errealitate direla nabarmendu du. «Duela hamar urte inork ez zuen pentsatuko euskarazko proiektuak horrelako areto handietan ariko zirenik».
Entzutearen garrantzia
Elkarrizketaren amaieran, etorkizunerako helburu nagusia zein den galdetuta, hitz gutxitan laburbildu du bere nahia. «Nire barruan dagoen guztiari kasu egitea».
Bere ustez, egungo erritmo azkarrak zaildu egiten du norberaren beharrak entzutea. Horregatik, denbora hartzea eta bere buruari arreta eskaintzea jarri du hurrengo urteetarako erronka nagusitzat. «Galdu dugu ezer ez egitearen ohitura. Batzuetan hamar minutuz geldi egotea ere zaila egiten zaigu».
Amolategiren hitzetan, norberaren barruko ahotsari lekua egitea ez da soilik ongizate ariketa bat; sormenaren, musikaren eta bizitzaren oinarrietako bat ere bada. «Zuk maite duzun horri denbora eta energia eskaintzeak sortzen duen poza ez dizu beste ezerk ematen».




