Zuzenean
Sizilia, hiru ninfen uhartea
Sizilia, hiru ninfen uhartea

Oso gustukoa ez duen kontinente batetik nahitara askatu dela dirudien eskualde batera bidaiatuko dugu. Gertu dugula dirudi, baina autoz heltzen saiatzen bagara, zein urrun dagoen konturatuko gara! Mediterraneko uharte handienaren titulua dauka eta 70eko hamarkadan Francis Ford Coppolak filmatutako ‘El Padrino’ sagaren lokalizazioak izateagatik bisitatua da. Asmatu al duzu jada? Andiamo alla Sicilia!
Siziliar uhartearen jatorria kondaira eta mitoz inguratuta dago, baina guztien artean La Triscelek, uharteko sinboloarenak, indarra hartzen du. Honen arabera, Sizilia hiru ninfari esker jaio zen.
Bidaiatu aurretik
Bidaia prestatzen hasteko aurreneko urratsa nola iritsi jakitea da. Sizilia eta Bilbo lotzen duten hegaldiak hautatuz gero, Sizilia gertu dagoela irudituko zaigu. Baina errepidez bidaiatzen badugu, autokarabanaz adibidez, orduan konturatuko gara ez dagoela hain gertu, eta Europako mapari begirada labur bat emanda ikusiko dugu Sizilia oso hegoaldean dagoela, ia Tunezen parean. Autoz haraino iristea, ordea, ez da ezinezkoa. Gure proposamena ferryak hartuta eta Mesinako itsarartea zeharkatzea baita.
Mesina zeharkatu ahala Siziliarren herriko sinismenetan oso errotuta dagoen beste kondaira bat datorkigu burura: Uhartea nola eta zergatik jarraitzen duen itsasoan flotatzen azaltzen duen kondaira: Colapesce, erdi arrain, erdi gizakia zen mutikoa.
Sicilian bisitatu beharreko 4 leku
Sizilia uharte handia da, hondartza paradisiakoak, Etna sumendia, Barroko estiloko monumentuz betetako herriak eta antzinako greziar inperioaren aztarnarik ederrenak... Leku interesgarri ugari ditu, bidaia batean ezinezkoa da dena ezagutzea. Horregatik, Sizilian bisitatu beharreko lau leku ezagutuko ditugu. Bazatozte?
Eoliar uharteak
Uharteetara bidaiatzea erronka bat da, batez ere kanper edo autokarabanaz egin nahi baduzu. Hala ere, aurreneko zailtasunak gaindituta, egi bihurtutako ametsa da: hondartzak, aktiboan dauden sumendiak, arrantzale-herri txikiak, begiratoki ikusgarriak... Ez da harritzekoa Eoliar uharteak Gizateriaren Ondarearen izendapena izatea. Artxipielagoak bere paisaia ederrengatik eta bere natura garbiagatik hunkitu egiten du bidaiaria.
Abiatu aurretik, ordea, artxipielagoa zazpi irlatxoz osaturik dagoela jakin behar da, denak eoliar, baina denak ezberdinak: Vulcano, Lipari eta Saline handienak dira eta egokienak autoz nahiz autokarabanaz bidaiatzeko. Vulkanon bertan Togo Togo kanpina dago hondartza ondoan. Alicudi, Filicudi eta Panarea eta Estrómboli txikienak dira. Irlatxoak bisitatzeko modurik onena zera da Vulcanon dagoen kanpinean autokarabana aparkaturik uztea eta handik hidroalak – itsasontzi azkarrak- beste uharteetara hartzea. Kontuan hartu handienak autoz bisitatu daitezkeela, baina txikienetan motorra ala astoa alokatu beharko duzula mutur batetik bestera mugitzeko. Dena den, egun bakar batean ezinezkoa da irlatxo guztiak bisitatzea, beraz dena ongi planifikatzea komeni da. Horretarako, Irlaz-irla jauzi egingo dugu: Vulcano, Lipari, Estromboli, Panarea, Filicudi eta Saline.
Etna. sumendiaren parke naturala eta inguratzen duen bailara
Etna mendia (3322m) Europako sumendi aktiborik handiena da. Bere krater ketsua iparretik hegoaldera ikusten da Catania eskualde osoan zehar. Horregatik, ehunka kilometro eginda ere, haren silueta present dago beti furgonetako leihatilatik. Baina Etnako Parke Naturala ez da soilik lur beltza, laba eta fumarolak; izan ere, mendi-hegalak kolore berde bizikoak dira, mahastia eta etxalde emankorraz zipriztindurik. Hau ardo, pistatxo eta eztiaren lurraldea da.
Etna eta harekin lotutako antzinako sinismenak oso present daude Siziliako alderdi honetan. Horrela ematen digu jakitera Encelado; jainkoen aurrean matxinatu zen erraldoiaren kondairak.
Sumendia eta honen inguruak bisitatzeko bi modu daude:
Silvestri kraterretan ibilaldi bat eginez edota gailurreraino teleferikoz eta ondoren autoz joanda.
Sumendiaren kraterretatik haratago, Etna Parkeko Erreserba Naturala bere osotasunean miresteko Etnaren oinean dauden herrietatik ibilbidea egitea plan bikaina da: XIX. mende bukaerako trenbide zaharretik doan Circumetnea trenean muntatua. Tren bidaia Unescoren Munduko Ondarea den Etnaren magaletatik igarotzen da, Europako sumendi aktiboena ezohiko ikuspegietatik ikusi ahal izateko.
Catania eta bere arrain merkatu tradizionala - La Pescheria
Pescheria edo arrain-lonja lineako autobusaren geltokik oso gertu dago, Duomo plazaren ondoan. Erdi estalia dagoen arrain-merkatu honetan, arrantzaleek eguneko arrantza saltzen dute aleak zein fresko daudenak dastatzera emanez; hori bai, egiaztatu nahi duenak, jakin beza gordinik jan beharko duela. Guk, adibidez, antxoa batzuk eta hainbat ganba jan genituen arrantzaleekin solasten genuen bitartean. Azoka honek goiz-goizetik duen bizitza ikustea gauza paregabea da. Hemen turistak olagarroen ondoan selfieak egiten eta etxekoandreak afaria erosten harmonian nahasten dira; begi bistan da arrantzaleek jende-dohaina dutela batzuekin eta besteekin aritzeko.
Itsas trikuak, ganbak, ganboiak, urraburuak, sardinak, antxoak... baita ezpata-arraina eta txitxardinbeltzak ere! Benetako jaialdia zentzumenentzat eta tentazio izugarria arrainzaleentzat.
Val di Noto, barrokoaren sehaska
Val di Noto eskualdea bisitatzeko Siziliako hego-ekialderuntz bidaiatu behar dugu, 1693an lurrikara batek suntsitu zuen kareharriz osatutako eremua. Hondamendiaren ondoren, bertako hiriak estilo arkitektoniko zehatz batean berreraiki ziren, geroago Siziliako Barroko izenez ezaguna egin zena. Barroko siziliar kutsua hobekien gorde duten herrien artean Sirakusa, Noto, Modika eta Ragusa bisitatu beharrekoak dira.
Idazmahaiaren kaxoian geratu zaizkigu Sizilian bisitatu daitezkeen hainbat eta hainbat leku zoragarri, Akragas antzinako greziar hiria, adibidez. Baina hori beste bidaiari batean izango da.


