Zuzenean

Etapa luzeena (24 km) izan arren, eramangarria izan da Gazte Euskaltzaleon Martxako bigarren jardunaldia ostiral honetan, lehenengoaren ostean.
Ibilaldiak goizeko 10:30etan utzi du Auritz, Santiago bidean bete-betean murgiltzeko. Hor sortu dira bidean topaturiko erromes estatubatuarren zalantzak. Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikaslek ibiltarien jatorriaz galdetu dute. Ez zekiten zer den Euskal Herria, bai ordea Basque Country.
Hala ere, zalantzak euskaltzaleen martxaren xedea partekatu ostean piztu dira. Ez zuten espero, helmugako hiria partekatu arren, amaiera Euskalgintzaren Kontseiluak antolaturiko manifestazioarekin bat egitea denik. Hor bukatu da erromesaldi ezberdinen arteko elkarrizketa.
Eguzkia lagun, tenperaturak 22 gradutara heldu dira eguerdian. Horrek ekarri du jardunaldiko lehen atsedenaldi luzea. Bizkarreta-Gerendiain herriko sarreran den 'Bar dena ona' guztiz hartu dute martxako parte-hartzaileek. Bertan zen gitarra bat hartu du martxako kide batek, gainontzeko kideak kantuan jarriaz. Agerian gelditu da Joxepo Irigarai historia zaleak bidearen turistifikazioaz aurreko egunean eginiko kritika. Afixak elebidunak izan arren, bidean ingelesa da bigarren hizkuntza. 'El dragón peregrino' jatetxearen izenak ez du zalantzarako tarterik uzten.
Euskaltzaleak tertulian
Iruñean prestatutako bazkaria, autoz ekarri eta Lintzoaingo frontoian banatu da. Honen atariko, aski merezitako atsedena hartu dute gazte euskaltzaleek. Gainera, lehen eguneko jarraipenaren ostean, martxako hainbat kidek beldurra galdu diote NAIZ Irratiaren mikrofonoari.
Egoeraz probestuz, Biriatu, Zizurkil, Lazkao, Senpere, Hernani eta Hendaiatik heldu diren Irati, Gorka, Aitzol, Olaia, Naia eta Ibaik euskarak bizi duen egoeraren bueltako hainbat galdera erantzun dituzte. Martxa sustatu duen taldea zeharka ezagutu arren, «gazte euskaltzale oro izan daiteke beraren parte», aipatu dute.
Iratik argi zuen larunbateko manifestazioan izango zela. Honenbestez, «egunez eguneko plan polita» zelakoan ala Gazte Euskaltzaleon Sarea gehiago ezagutzeko etorri da. Naia ez da manifestaziora joango, baina, euskaltzalea izaki, «asko pentsatu gabeko» erabakia izan da martxara etortzea. «Ikusi nuenean, sekulako plana iruditu zitzaidan. Kristoren gogoa sartu zitzaidan», gehitu du Ibaik.
"Euskaraz bizitzeko behar den dena" da Euskalgintzaren Kontseiluak antolaturiko mobilizazioaren aldarri nagusia. Lelo honi dagokionez, gazteek «garrantzizkotzat» jo dute deia. «Ez dugu ezer ziurtatua. Ez dugu ezer bermatua gure hizkuntza eskubideen aldetik. Ofizialtasunak ez ditu hizkuntza eskubideak bermatzen», erantsi du Aitzolek. Naiak dimentsio guztietan eragiteko deia egin du: «Behar dugun guztia behar dugu. Izan kafe bat eskatzetik, hezkuntza euskaldun batetik ... formalizaziora begirako salto zabal bat».
«Ez dugu ezer ziurtatua. Ez dugu ezer bermatua gure hizkuntza eskubideen aldetik. Ofizialtasunak ez ditu hizkuntza eskubideak bermatzen»
Euskara gazteen kezketako bat da. Iratik gogora ekarri du hainbat lapurtar daudela martxan, eta Bernat Etxepare Lizeoko ikasle ohi gisa, beti izan dela hainbatetan aipaturiko auzi bat.
Zizurkilgo Gorkak «desaktibazioa» nabaritu du bere inguruko euskaltzaletasunean. Aldiz, horri aurre egiteko adibidetzat jarri du Gazte Euskaltzaleon Martxa: «halako egitasmo zabalek eta masa zabalak gaitasuna du iritzi publikoan eragiteko herritik eta herriaren beharretatik».
Kideen babesa jaso du Aitzolen ondorioak: «Gazteok bagabiltza ere euskararen borrokan. Bagara agente aktibo bat, zeinak honi heldu nahi diona. Askotan gazteengan erotzen da desafekzio, desatxikimendua ala erabileraren beherakada, baina bagaude borroka honetan, eta aintzakotasuna eman behar zaie gazteei. Martxa honek horretan lagun dezake».
Kilometroak gehitu arren, ez dago sasoi faltarik
Arratsaldeko ibilaldian lehen egunean eta goizeko zatian bezain beste kilometro egin dira. Erroko gaina jaitsi ostean, ibilbidea erraztu dute beheranzko aldapa amaigabeek. Ezpala Ilarratz, Ezkirotz eta Larrasoaña artean heldu da. Beherantz ibili ostean, ez da erraza izan hiru herri hauetako gorabeheretan murgiltzea.
Hori bai, hainbat nafarrek 'Uno de enero' kantua abestu dute, San Ferminen gertutasuna gogora ekarriz; batzuk bertsoren bat inprobisatu dute; eta aitzinako zein gibeleko gazteen arteko oihu lehiaketa hauspotzeko saiakera egon da.
Azken gaua Larrasoañen
Martxako kideak txalo zaparrada handi batekin heldu dira Esteribarko kontzejura. Bertan, Bidenabar taldeak kontzertua eskainiko du eta Ipar Euskal Herriko gazteek hitzaldia. Desobedientziaz, Matematika baxoa euskaraz egin den egunean, euskarak Ipar Euskal Herrian dauzkan erronkak izango dira aipagai nagusia.




