Zuzenean
Kazetari ofizioz, baina idaztea afizio baino zerbait gehiago dela aitortu du Ramon Olasagastik Bigarren Kafean. «Kazetaria naiz, baina noiz edo noiz gustatzen zait idaztea. Gure lanarekin lotuta doan afizio bat da», azaldu du. Haren hitzetan, istorio bat kontatzeko beharra da idazten hasteko lehen baldintza.
Hainbat formatu eta genero ezberdinetan aritu da lanean, horien artean daude: memoria historikoa, komikia, biografiak… Olasagastik dio prozesua oso desberdina izaten dela proiektu bakoitzerako, baina kasu askotan pertsonak direla abiapuntua: «Pertsona berak erakartzen nau istorio bat sortzerakoan. Pertsona berak sortzen dit interesa».
Horrela izan da Edurnerekin ere, bere harremana lehendik zetorren eta urteak geroago atera da komikia. Idazleak gogorarazi du proiektuak dokumentazio lan handia eskatu duela, eta Pasabanekin hainbat elkarrizketa luze egin zituztela gidoia osatzeko. Bere esanetan, mendizalearen lorpenak baino gehiago, pertsona bera erakustea izan da helburu nagusia: «14 zortzimilakoak egitea oso ikusgarria izan daiteke, baina ni pertsona hori erakusteak erakarri nau».
Komikiak azken urtetan izan duen presentziaz ere aritu gara. Haren ustez, irudiek testuak baino beste modu batean kontatzen dute: «Hizkuntza askoz grafikoagoa da. Irudiak gehiago kontatzen du». Gainera, komikiek irakurlearekin bestelako harremana sortzen dutela nabarmendu du, «interakzioa» ahalbidetzen dutelako.
Eskuzabaltasuna eta gertutasuna azpimarratzen ditu Ramonek, mendizalearekin izan duen harremanarekin: «Esker onekoa izan da proiektuarengatik». Olasagastik aitortu du azken batean pertsonak direla gehien interesatzen zaiona proiektu bat martxan jartzean, horrela izan da Pasabanekin ere: «Pertsona hori erakustea izan da, ni erakarri nauena»


