Zuzenean

Iñaki Artola alegiarra eta Dario Gomez, Gasteizen bizi den errioxarra izango dira nor baino nor Iruñeko Nafarroa Arenako kantxan, igandean. Gertatzen dena gertatzen dela, txapeldun berri bat batuko da askoren ustez, pelotako txapelik preziatuena duten pilotarien zerrendara.
Sarrerak
Final guztietarako sarrera salmenta orokorra, finalera nor iritsiko den jakin aurretik jartzen da martxan eta edonork erosi ditzake sarrera horiek. Esate baterako, aurtengo buruz buruko finalerako sarrerak apirilaren 30ean jarri ziren salgai eta finala ze pelotarik jokatuko zuten maiatzaren 16an eta 17an jakin genuen. 16an Iñaki Artolak Laso kanporatu zuen eta 17an Dariok gauza bera egin zuen Larrazabalekin. Orduan jartzen da makinaria martxan finalisten inguruan.
Enpresek sarrera kopuru zehatz bat izaten dute pilotari bakoitzarentzat. Pilotariek eurek izaten dute nahikoa lan finala ahalik eta ondoen prestatzearekin, eta hor agertzen dira finalaren bueltako B alde horren kudeaketaz arduratzen diren lagun, gertuko eta antzekoak. Iñaki Artolaren kasuan bere inguruko lagun talde batek eta Intxure Pelota Eskolako kideek kudeatzen du hori guztia. Sarreren kudeaketaz Andoni Otegik eman dizkigu hainbat argibide Bigarren Kafean.
Garraioa
Kontuan hartu beharreko beste puntuetako bat finalerako joan-etorria nola egitearena izaten da. Alegian autobusak antolatu izan dira Iñaki Artolak azken urtebete pasatxoan jokatu dituen finaletarako. Hainbatek goizetik egun-pasa egiteko asmoa izaten dute finala jokatuko den hirian baina badira partidarako lasai lasai joatea gustatzen zaienak ere. Beraz, denentzako aukera jartzen da eta izena ematen duen jende kopuruarentzat beharrezkoak diren autobusak jartzen dira. Igandeari begira, goizean hiru autobus aterako dira eta arratsaldean bat. Itzulera, denek elkarrekin, partidaren ostean. Izan ere, eguna ez da finalistetako bat 22ra iristen denean amaitzen.
Kamisetak
Pilotalekura joan edo ez, finaleko egunerako zaleek dagokien koloreko kamiseta nahi izaten dute. Orain arteko bi finalak urdinez jokatu ditu Artolak baina igandean gorriz ariko da. Bada buruari buelta gehiegi eman gabe jarri ziren martxan Intxurre Pelota Eskola eta Garaiko produkzio korporatiboko kideak. Alegian bertan kokatuta dago Garaiko eta bertako arduradun Mikel Garaikoetxeak kontatu dizkigu prozesuaren xehetasunak.
Ikusiko dugu igandean zer gertatzen den baina garbi dagoena da horrelako final batek ilusioa sortzen duela pilotarien inguruan.


