Zuzenean

Eusko Jaurlaritzak Retail Euskal Eskola jarri du martxan, merkataritza eta zerbitzu sektoreko profesionalentzako formakuntza eta aholkularitza gune izateko asmoz. Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabalek NAIZ Irratian azaldu duenez, ekimenaren helburua «merkataritza txikiari lehiakor izateko behar dituen tresnak eskaintzea» da.
Aguirrezabalek gogorarazi du sektorea etengabe aldatzen ari dela, bai kontsumo ohituretan, bai teknologian, eta horrek etengabeko egokitzapena eskatzen duela. «Egun daukazun jakinduria egunero atzean geratzen joaten da», adierazi du. Horregatik, formakuntza «ezinbestekotzat» jo du gaur egungo merkataritzan.
Retail Euskal Eskolaren xehetasunak
Retail Euskal Eskola bereziki auzoetako eta herrietako denda txikiei zuzenduta dago. Sailburuordearen hitzetan, establezimendu txikietan pertsona bakar batek hartu behar izaten ditu askotan marketinaren, sare sozialen, erosketen eta salmentaren ardura guztiak. «Erronka handia da pertsona batentzako», azaldu du, eta horregatik merkatarien errealitatera egokitutako eskaintza diseinatu dute.
Formakuntza plataforma digital baten bidez antolatzen da nagusiki, «pildora» laburretan banatutako edukiekin. Helburua merkatariak beren ordutegi eta beharretara moldatu ahal izatea da. Hala ere, aurrez aurreko jarduerak eta bisita profesionalak ere antolatzen dira, beste herri eta hiri batzuetako merkataritza ereduak ezagutzeko eta praktika onak partekatzeko.
Gaur egungo kontsumo ohiturak
Kontsumo ohituren aldaketa izan da elkarrizketako gai nagusietako bat. Aguirrezabalek ohartarazi du merkataritza txikiaren egungo egoera ezin dela ulertu plataforma digitalen eta online salmentaren gorakada kontuan hartu gabe. «Jendeak bertako dendetan erosiko balu ez ginateke gaur egungo krisi egoeran egongo», adierazi du.
Hala ere, sailburuordeak uste du denda txikiek badituztela plataforma handiek eskaintzen ez dituzten balioak. «Denda txiki batean ezin duzu aurkitu plataforma handi batean dagoen stock bera, baina bai zerbitzua, gertutasuna eta kalitatea», nabarmendu du. Bere ustez, erronka nagusia «zure eskaintza diferentea dela erakustea» eta bezeroari balio erantsia transmititzea da.
Sare sozialek kontsumoan duten garrantzia
Horren barruan kokatu du sare sozialen eta komunikazioaren garrantzia ere. Azaldu duenez, azken urteetan merkatariek ulertu dute webgune bat izatea ez dela nahikoa, eta komunitate digitalak sortzea bihurtu dela giltzarri. «Komunitate handi bat daukazunean, zu zeu produktua bihurtzen zara», esan du.
Adibide gisa, Donostiako zapata denda baten kasua aipatu du. Sare sozialen bidez komunitate handia sortu ostean, hamar urtean online salmentak dendan egindakoak baino «%200 handiagoak» izatea lortu dutela azaldu du. Haren esanetan, ez dira eredu guztiak errepikagarriak, baina estrategia digital egoki batek merkataritza txikiari aukera berriak ireki diezaizkioke.
Adimen Artifizialaren eragina, aholkularitza eta jasangarritasuna
Retail Euskal Eskolak adimen artifizialaren inguruko formakuntza ere eskaintzen du gaur egun. Aguirrezabalen arabera, tresna horiek baliagarriak izan daitezke dendetako eguneroko lanak sinplifikatzeko: «Argazkien deskripzioak sortzeko, prezioak eguneratzeko edo webguneko edukiak prestatzeko erabil daitezke».
Horrez gain, programak aholkularitza pertsonalizatua ere eskaintzen du. Kasu askotan, adituek dendetara jotzen dute merkatariekin lanean aritzeko. «Merkatariek formakuntzari denbora eskaintzeko modu bakarra askotan, aholkularia dendara joatea da», azaldu du sailburuordeak.
Aguirrezabalek, Plataforma handien logistika ereduari buruz hausnartzeko deia egin du, eta zalantzan jarri du «milaka eta milioika pakete munduan zehar etengabe mugitzea» benetan jasangarria denik. Bere esanetan, gizarteak ingurumenarekiko sentsibilitate handiagoa badu ere, horrek oraindik ez du kontsumo ohituretan isla bera.


