Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Nere Etxeberria
Global Sumud Euskal Herriako kidea

«Argi dago diruak agintzen duela, interes horiek eskubideen gainetik daude»

Atxilotutako ekintzaileek jasandako umliazioak zabaldu ditu, ondorioen inolako beldurrik gabe, Ben Gvir ministroak. «Flotillako militanteekin gai badira horrelako tratua emateko, zer ez dute egingo Palestinako presoekin?», galdetu du Nere Etxeberria Global Sumud Euskal Herriako kideak NAIZ Irratian.

«Argi dago diruak agintzen duela, interes horiek eskubideen gainetik daude»

Loading player...
Global Sumud Flotillak deitutako manifestazio baten artxibo irudia.
Global Sumud Flotillak deitutako manifestazio baten artxibo irudia. (Jon Urbe | FOKU)

Pasa den asteartean Gazarako bideari eusten zioten itsasontzien aurkako segadaren ostean, Ashdodeko portura heldu ziren astezken goizean Israelek atxilotutako Global Sumud Ontzidiko 430 ekintzaileak. Gehienak, Turkia bidez deportatuko dela zabaldu dute hainbat iturrik azken orduetan, tartean, espainiar Estatuko Atzerri Ministerioak. Kexak kexa eta salaketak salaketa, badirudi aldi honetan ere inolako zigorrik gabe geldituko dela Benjamin Netanyahuren Gobernua, berriz ere baketsua zen ontzidi baten aurkako esku hartzea agindu arren, nazioarteko uretan. Estatu sionistaren inpunitatearen beste froga bat, Nere Etxeberria Global Sumud Euskal Herriako kidearen esanetan: «Argi dago diruak agintzen duela, interes horiek eskubideen gainetik daude». 

Nazioarteko eta bereziki, Europako estatuen «hipokrisia» salatu du Etxeberriak, euren nazionalitatea duten herritarrek jasandako tratua ikustean «eskuak burura» eramaten dituztelako «baina beste alde batetik ez dituzte apurtzen harremanak Israelgo Estatuarekin». Berretsi duenez, «hori da bide bakarra, harreman guztiak, ekonomikoak, militarrak, kulturalak, guztiak apurtzea, Hego Afrikarekin egin zen bezala».

Israelek gatibu hartzen dituenei emandako tratu txarrak aski ezagunak diren arren, haserre handia eragin dute azken orduetan zabaldutako irudiek. Adalah GKEko ordezkariak atxilotutakoen artean topatutakoak aletu ditu Etxeberriak; «Salatu dituzte gehiegikeria fisiko eta psikologiko gogorrak. Muturreko indarkeria erabili da, sexu-umiliazioak, zauri larriak, badirudi batzuk saihetsak apurtuta dituztela, hiru kide ospitalera eraman dituzte...». 

Netanyahu bera eta Katz zein Smotrich ministroekin batera, zigorgabetasunarena ez ezik, sionisten supramazismoaren irudirik agerikoena bilakatu da Itamar Ben Gvir Segurtasuna Nazionaleko ministroa. Tratu txar horiek jaso dituzten irudiak grabatzea eta zabaltzea horren eredu da, lehen aldia ez dela ahaztu gabe. «Flotillako militanteekin gai badira horrelako tratua emateko, zer ez dute egingo Palestinako presoekin?», galdetu du Global Sumud Euskal Herriako kideak. 

Jaurlaritza Logoa