Zuzenean
NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan dugu Jaione Eugui Munduko Medikuak Nafarroako kidea larunbatean, maiatzaren 23an, Nafarroako hiriburuan ospatuko den Afrika Jaialdiaren lehen edizioaren nondik norakoez hitz egiteko. Jardunaldiaren antolakuntzan aipatutako erakundeaz gain, Flor de Afrika elkarteak eta Black Power Iruñeak ere parte hartu dute; Euguiren esanetan funtsezko papera izan duten bi plataforma.
Jatorrizko ideia Flor de Afrikarena da, izan ere, urteak daramatza elkarte honek maiatzaren 25ean ospatzen den Afrikaren Egunaren ospakizunak egiten, eta aurtengoan festa asteburura aurreratu nahi izan dute, Afrika Jaialdiaren lehen edizioarekin. Euguik azaldu duenez, elkarte honek urte luzez babesa eman die Afrikatik etorritako emakumeei, aukera berdintasuna eta gizarteratzea ahalbidetuz. Black Power Iruñearen kasuan, duela hainbat urte etorritako emakume horien alabek osatzen duten ekimena dela azpimarratu du Euguik, «Nafarroakoak diren emakume afrikarrak» hain zuzen.
Larunbat honetako jaialdiaren helburuetako bat elkarbizitza sustatzea da. Munduko Medikuak-eko kideak azaldu duenez, «kultura da bide errazena» elkarbizitza eta errespetua sustatzeko; horregatik, jaialdian musika, kultura eta janariaz gozatu ahal izango da, Nafarroaren eta Afrikaren arteko loturak erakutsi eta indartzeko ahaleginean.



