Zuzenean
«Guretzat eztabaida da hezkuntza sisteman ze ratio egon behar diren»
EH Bilduren Nafarroako koordinatzaile Miren Zabaletaren aburuz, «gauzak nola ez diren egin behar agertzeko» balio izan du Nafarroako Gobernuko alderdien artean piztutako barne krisiak, itunpeko sarean hainbat gela ixteko Gimeno kontseilariaren erabakia tarteko. «Akordio zabalei» eusteko eskatu du.
«Guretzat eztabaida da hezkuntza sisteman ze ratio egon behar diren»

Hainbat ikastolatan eta eskola katolikoetan ikasgelak ixteko Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza Kontseilariaren erabakiaren ondorio zuzena, bazkideekin akordio batera heldu ezinik, UPNren mozioaren onarpena izan zen, aurrekaririk gabeko barne krisia piztuz Exekutiboko alderdien artean. Astelehen honetan izandako bileraren ostean, badirudi PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, Nafarroako Foru Gobernua sustengatzen duten alderdiek, ezberdintasunak apaldu dituztela, legegintzaldia amaitu ahal izateko, edo sikiera, gutxieneko egonkortasun irudi bat emateko. Mozio hartatik ateratako urtebeteko luzamendua nafar hezkuntzak dituen premiak asetzeko balia dezatela eskatu du Miren Zabaleta EH Bilduko koordinatzaileak: «Guretzat eztabaida da hezkuntza sisteman egon behar diren ratioak».
Izan ere, UPNren mozioari emendakinak jarriz, Zabaletak alderdi subiranistak Parlamentuko saio hartan jokatutako papera defendatu du, alde batetik, «bi urteko moratoria batekin», eta bestetik, «guretzat sakoneko kontua den ratioen inguruko lege proposamen» batekin. Azkenean, alderdi bakoitzarekin bere lubakian, eta adostasunetara heldu ezinik, UPNrena izan zen aurrera ateratako mozioa, «bere marko politikoa» ezarriz. «Erabaki txar bat» izan zela uste duen arren, zabaldutako aukeran, arduraz jokatzera deitu du EH Bilduko ordezkariak. «Urtebete honek aukerak eman beharko lituzke sakoneko eztabaida bat egiteko Nafarroako hezkuntza sistemaren inguruan, planifikazioarekin demografiaren eta jaiotza tasaren datuak aintzat hartuta».
EH Bilduren proposamenaren oinarria da, ikasgelen itxierarekin erantzun ordez, errealitate demografiko eta ekonomikoan oinarritutako analisi bat egitea, hezkuntza sistema bera birpentsatzeko. Gakoa da, Zabaletaren ustez, «nola probesten dugun egoera demografiko hau hezkuntzaren kalitatea hobetzeko ratioen jaitsiera unibertsal, lineal eta progresibo baten bidez». Lan egitera deitu ditu alde guztiak Zabaletak, «datorren martxoan berriro ere arazo berdinaren parean topa ez gaitezen».
Kritikarekin bat
Talka honetara heltzearen arduradun nagusietako den heinean, Zabaletaren esanetan, «guk zilegi ikusten dugu hezkuntza kontseilariari egindako kritika», baina uste du hezkuntzan urrats erabakigarriak emateko ezintasunak Carlos Gimeno bera gainditzen duela. «Estrukturalak diren eztabaidei nola aurre egiten diegun» da jokoan dagoena Zabaletak dioenez, «eta hain zuzen ere pasa den astean ikusitakoa ez zen norabide onean joan».
Ezberdinen arteko akordio zabalak zaintzearen garrantzia aipatu du EH Bilduko kideak, alternatiba eskuinaren nagusitasuna delako, pasa den astean Parlamentuan agerian gelditu zen bezala. Nafarroak dituen «erronka handiak» gogora ekarriz, «gobernantzatik, lidergo publikotik eta burujabetza maila handiagoen eskuratzetik, gehiengo aurrerakoi horiek artikulatzeko» apustua berretsi du Zabaletak.
Zonifikazioa
Lau hamarkadaz nafarren eskubide berdintasuna ezbaian jarri duen zonifikazioaren amaiera ere ezberdinen artean landu beharreko akordio zabal horiekin lotu du Zabaletak. «Guretzat lehentasunezko gai bat da. Uste dugu perspektibaz jokatu behar dugula eta noizbait helduko dela euskararen inguruan, bere aitortza eta estatus politikoaren inguruan gehiengo aurrerakoiaren artean akordio zabalak lortzeko momentua», ondorioztatu du.
Eztabaidaezina iruditzen zaio Zabaletari euskarak Nafarroan duen berezkotasuna ukatzea eta, ondorioz, lurraldean zor zaion «aitortza ematea, bidezkoa ez ezik, beharrezkoa izanen dela».
Etxebizitza eta industria
Nafarroan estrategiko diren beste arlo batzuei erreparatuz, etxebizitzan EH Bilduk proposamen orokor bat egin du berriki, Nafarroari begirako hainbat puntu zehatzekin. «Hor planteatzen genituen hiru ideia nagusi. Lehenengoa; etxebizitzaren merkatua kontroletik kanpo dago eta esku hartze publikoaren beharra dago. Bigarrena; etxebizitzek funtzio sozial bat bete behar dute. Bizitzeko dira, ezin dira izan espekulatzeko. Eta hirugarrena; eskala handiko ekimen publikoa behar da etxebizitza parke publikoa handitzeko», azaldu du Zabaletak.
Bestalde, baikortasun handia eragin du Hithium enpresa txinatarrak Nafarroan iragarritako bateriak ekoizteko lantegiak. «Xehetasun guztien faltan», Zabaletak aurreratu du «industria eta enplegua beti albiste ona direla», eta batez ere «industria horrek zer nolako lotura izan behar duen lurraldearekin» aztertzen ari direla uneotan.



