Zuzenean

Iaz Donostiako Tabakaleran hasitako bideari jarraipena emango dio aurten Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak MUST+PRO topaketekin. Musikaren Topagune Profesionala izenaren azpian bi egunetarako programa osatu dute Musika Bulegoko kideek. Mahai-inguruak, hitzaldiak eta showcaseak izango dira, baita podcastak ere.
Gauzak horrela, bihar 12:00etatik 14:00etara, NAIZ Irratiko MusikHaria saioa bertatik egingo dute Iraia Cambrak eta Iker Gurrutxagak. Sektoreko hainbat profesionalekin elkarrizketak egingo dituzte eta Supercremalleras talde gernikarreko kideek beren azken lana aurkeztuko dute irratsaioan.
Horrez gainera, ostegunean, maiatzaren 14an, ‘Euskal musika-eszenaren osasun azterketa’ mahai-inguruan parte hartuko du NAIZ Irratiko Iraia Cambra kazetariak. ‘Leku baten bila’ podcasta zuzentzen du Cambrak eta bertan emakumeek industrian duten rolaz aritzen da sektoreko emakumeekin. Hala, Gotzon Barandiaran sortzaile eta kudeatzailea, Afrika Bibang musikaria eta Ibon Fernandez Gaztea irratiko kazetariarekin batera arituko da Cambra arratsaldeko 16:30etik aurrera.
Iluntzeetan zuzeneko musikak ere bere tokia izango du MUST+PRO topaketetan eta Bilborock aretoan bi egunez hainbat kontzertuz gozatzeko aukera izango da. Bi egunetan 19:00etan hasi eta 21:30ak aldera arte luzatuko dira emanaldiak eta, hilaren 13an, Heitxi, Julie, Supercremalleras eta Caballos Yonkis ariko dira. Ostegunean, hilaren 14an, berriz, Bea Asurmendi, Haize Arrosa, Olivia Orell eta Maloa Brothersen txanda izango da.
Aurtengoan atzerritik etorritako programatzaile eta industriako kideak ere bertan izatea aurreikusten dute Musika Bulegoko kideek eta oraindik ere sarrerak eskuratzeko aukerarik bada haien web orrialdean.


