Zuzenean

1893an, Veneziako Udalak Italiako arteari buruzko bi urtez behingo erakusketa bat ("Esposizione biennale artistica nazionale") sortzeko ebazpena onartu zuen, Hunberto eta Margarit errege-erreginen zilarrezko ezteiak ospatzeko. Urtebete beranduago, Udalak Biennalerako lehenengo erabakiak hartu zituen: gonbidapen bidezko sistema bat onartzea eta erakusketaren atal bat atzerriko artistentzat gordetzea. Lehen Biennalea Giardinni di Castellon egin zen 1895ean eta 224.000 bisitari inguru izan zituen. Ordutik, birritan izan ezik (Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran), Biennalea ez da inoiz gelditu eta errotu egin da egun dena izatera iristeraino: nazioartean ezagunena den arte garaikideko hitzordua.
Arrakasta ikusita -eta Parisko Expoaren eredua kopiatuta- 1907ko edizioan herrialde batek lehenengo pabiloi nazionala inauguratu zuen Gairdinni di Castellon. Belgika izan zen, eta Leon Sneyers arkitektuak diseinatu zuen. Hurrengo edizioan: Alemania, Erresuma Batua, eta Hungaria batu ziren, bakoitza bere pabiloiarekin. Eta ondoren Frantzia, eta 1914an Errusia. Eta azken datu hau garrantzitsua da, azkeneko edizioetan Errusiak ez duelako parte hartu, Ukrainiaren aurkako erasoen ondorioz. Aurten jaialdira itzuli da, eztabaida artean noski.
Kontua da, Biennalearen ekitaldien erdia gaur egun estatuen pabiloien inguruan antolatzen dela, eta parte hartzen duten herrialdeen kopurua urtez urte handitzen ari dela. Aurten lehen aldiz parte hartuko dute: Guineak, Sierra Leonek eta Somaliak, besteak beste. Baina mundu mailan gatazka armatuak gora doazenez, Biennalearen azken edizioak gero eta gatazkatsuagoak bihurtu dira, eta aurtengoan, Errusiako eta Israelgo pabiloiak izan dira protesta eta haserrearen ardatz nagusiak. Eta galdera handi bat egon da erdigunean: ba al du lekurik politikak artearen Biennalean?
Artista bakoitzaren asmoak edozein direla ere, nazio guztientzat Bienaleko pabiloi nazionalak propaganda eta boterearen erakusgarri izan dira beti. Horren adibide argia da nor dagoen eraikin hauen atzean. Espainiar Estatuaren pabiloia -aurten artista euskaldunen protagonismoa izango duenak- Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak kudeatzen du, eta agentzia hori Kanpo Arazoetako Ministerioaren mende dago, ez Kultura Ministerioaren mende. Horrelako zerbait gertatzen da Britainia Handiko pabiloilarekin, Erresuma Batuko gobernuaren Atzerri Ministerioak babestutako erakunde publiko batek koordinatzen du, eta ez Kultura Ministerioak.
Gaur egungo Biennaleko konstituzioaren arabera, Italiako gobernuak onartzen duen edozein herrialdek pabiloi nazional bat antola dezake –Palestina, beraz, ez dago gonbidatuta–, baina Israel bai, eta horrek protesta handiak sortu ditu jaialdiaren lehenengo egunetan. 20 bat herrialdetako pabiloiak itxita egon dira lehenengo orduetan, nesteak beste, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Japonia, Turkia, Herbehereak, Finlandia, Austria eta Belgikakoak. Beste jarduera batzuek ere etenaldiak izan zituzten, adibidez, Kataluniako erakusketa-gunea ordu pare batez egon zen itxita. 'I baschi alla Biennale 1976-2026' euskal programa irekita egon aurreikusita zegoen bezala eta Tripak Kolektiboak 'Tripak Tokitik' performancea egin zuen.


