Zuzenean

Txari Eleta Villabona (Olagüe, 1973). Lanbide heziketa ikasi du, sukaldaritza, yoga ikasketak, soinuterapia. Sukaldean eta barran lan egindakoa da. AEKko ikasle eta gero irakasle. Esan Erran irratiaren proiektuan parte hartu zuen eta esataria lanetan hasi zen. Euskalerria irratian lan egin zuen. Yoga eta soinuterapia irakaslea da, soinu masajista.
20 urterekin Rock Populi taldearekin Nafarroako euskal kantu txapelketan sari bat irabazi zuen abesti batekin. Espaloian (Itoitz taldearen bertsioak)
Radikal Fruit (rock radikal baskoko abestien bertsioak). Abalantxa proiektua egin zuen Blanca Ines Rubio kantautorearekin batera (disko bat). 2016an bakarkako bideari ekin zion eta disko bikoitza argitaratu zuen, soinuterapia saio bat, mantrak eta berak sortutako abestiekin. Laster argitaratuko duen bigarren diskoak mantra tradizionalak ditu berak sortutako doinuekin, ‘kirtan’ izeneko emanaldietan abesten ditu (yoga praktika bat da). Errezitazio vedikoa era tradizionalean ikasten ari da.
Solasaldiari eutsi dio ezpainetan irribarrea duela. Irribarrez bizi da, baina gorputzari kasu egin behar zaiola dio. «Auskalo zenbat bizitza izan ditudan hau eduki baino lehenago!». Oso sentibera da, onerako edo txarrerako. Independentziarik garrantzitsuena norberarena da. Egunero behar du lotura bat izan ama lurrarekin. Sanskritoa ikasten ari da. Konstelazio familiarrak egin ditu.
Txari Eleta, besteak beste, yoga irakaslea eta kantaria da. Gogoeta interesgarriak utzi ditu Otea Lili hausnarketaren aterpean. Hemen hainbat lagin:
«Yoga, niretzat, bizitzeko modua da, bizitza ulertzeko modua eta heriotza ulertzeko modua ere bai».
«Zerbait berezia gertatu al zaizu magikoa izan daitekeena, baina naturan hosto bati begiratzean eman daitekeen sentsazioa da».
“Aita duela lau urte hil zen, lotura handia nuen eta oso konektatua nago berarekin, seinale bat eska diezaioket, eta bidean seinale bat sentitu dezaket, eta lore berezi bat izan daiteke. Une horiek magikoak dira niretzat. Zaila da hitzekin adieraztea sentitutakoa”.
“Aita hil eta hurrengo egunean bere presentzia sentitu nuen egun osoan. Toki guztietan zegoen, ibaian, hostoetan, zuhaitzetan… Egun osoa flipatua pasatu nuen egoera magiko batean”.
«Guri ahaztu zaigu egunero eskertzea bizirik gaudela».
«Sanskritoa ikasten ari naiz. Mantrak abesten hasi nintzen jakin jabe zer ari nintzen erraten, eta orain ikertzen ari naiz, ikasten».
«Pandemia garaia oso latza izan zen niretzat, interesgarria ere bai. Egoera latzetan eta krisi garaietan egia batzuk agerian gelditzen dira. Familia eta lagunarteko eztabaida latzak izan ziren. Errespetu falta izugarriak».
»Ego espirituala egorik okerrena da, iluminatuen egoa da adibidea».
«Konfiantza liderrengan jarrita, bizitzan edo politikan, norberarekiko konfiantza galdu daiteke».
«Mesfidantza izatea babesteko modu bat izan daiteke».
«Gizakia barneko askatasun eta independentziatik oso urrun dago. Barrura begira jarriko bagina, hobeto. Erruduna ez dago kanpoan, geure barruan dago askotan. Independentzia pertsonala behar dugu».
«Koherenteagoak bagina, beste Euskal Herri bat izango genuke. Herri hau altxor bat bezala bizi dut, kultura eta abar».
«Mantrek balio dute barruko penak kentzeko, eta bihotzeko alaitasuna ateratzeko».
«Penei eta tristurei kasu egin behar zaie. Ez daudela esaten badugu, arazoa dugu. Penak ez badira askatzen edo ez badiegu joaten uzten, dramak datoz».
«Ama lurra etxea da, naturarekin konektatzen da norberaren esentzia».



