Zuzenean

Astearte honetan eman zuten salaketaren berri hedabideen aurrean egindako agerraldi batean Raul Portillok, LABek Nafarroako Volkswagenen duen ordezkariak, eta Asier Calderonek, sindikatuko Industria arduradunak. Prekarietatea mozkinak areagotzeko eredu gisa erabiltzea ezer berria ez dela salatu zuten, eta Calderonek, NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean, hori berretsi du.
«Hamarkadetako eta urte luzetako istorio bat da. Agerikoa da nola jokatzen duen Volkswagenek prekarietatearekin eta ezegonkortasunarekin, UGTren eta CCOOen onespena izanda beti ere, beraien etekinak handitzeko». Produkzioaren gorabeherekin, grafikoen bitartez, beldurra eta zalantzak «saltzen» dituztela kritikatu du, langileen aurkako neurriak justifikatuz.
LABeko Industria arduradunaren esanetan, bai Nafarroako Volkwagenek baita beste hainbat enpresa industrialek ERTEak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak baliatzen dituzte haien etekinak areagotzeko, langileak kaltetzen dituzten bitartean. Lan eskariaren araberako fluktuazioak mozkinak areagotzeko erabiltzen dituztela salatu du Calderonek.
«ERTEak erabiltzen ari dira malgutasun neurri bat gehiago bezala, eta azkenean suposatzen du lantegi anitzek izatea langile kopuru bat, erderaz esaten den bezala «a la carta», behar dituztenean beharrezko langile kopuruak mantenduz, eta behar ez dituztenean, langabeziara bidaliz, haiek langabezia prestazioaren menpe utziz, eta soldata ordaintzeari utziz».
UGT eta CCOOen onespena
Enpresak hori guztia Volkswageneko bi sindikatu nagusien onespenarekin egiten duela nabarmendu du, UGT eta CCOOen onespenarekin. Bi sindikatu horiek duela denbora utzi ziotela sindikalismoa egiteari nabarmendu du.
Calderonek UGT eta CCOO sindikatuek langileen mesedetan lanik egiten ez dutela salatu du, eta enpresaren eta patronalaren kide gisa jokatzen dutela berretsi du, «mafia» batean bilakatu direla esatera ausartu da ere.
«UGT eta CCOOek duela denbora utzi zioten sindikalismoa egiteari hainbat lekutan, eta Volkswagenen kasuan nabaria da. Ikusten dugu patronalaren eta enpresaren aliatuak direla langileen ordezkariak baino. Enpresak urteetan zehar ondo jokatu ditu bere kartak, eta klientelismo sare bat lortu du UGT eta CCOOekin batera, formakuntzak direla eta, faboreak eskainiz, beraien afiliatuei progresioak eta kategoria gehiago eskainiz, eta horretan sartuta, nolabaiteko mafia batean bilakatu dira».
Nafarroako Volkswagenen lan egiteko kontratazio prozesuetako batzuetan, bi sindikatu hauteko afiliatu izatea eskatzen dela salatu du, edota askotan erreferentziak eskatzen zaizkiela hautagaiei, noren partetik iristen diren galdetuz, eta enpresak «gertuko zirkuluaren» parteko pertsonak lehenesten dituela gaineratu du.
Calderonek azaldu duenez, gainontzeko sindikatuetan afiliatzen diren langileek enpresan aurrera egiteko aukerak oztopatuta ikusten dituzte. «Behin jendeak denbora daramanean enpresan eta bere egoera egonkortzean, gure sindikatuan afiliatzen dira, horrek zer suposatzen du? Gero kategoriaz ez goitzea; bere lanpostua ez da zalantzan egongo, baina ez du bere baldintzak eta karguetan goitzeko aukerarik izango».


