Zuzenean

Euskal Herriko eszenako ahots berezienetako bat da Sara Zozaya. Gaztetatik musikan murgilduta eta taldeetan aritu ondoren, bakarkako bideari ekin zion donostiarrak. Leku Baten Bila podcastean, bere ibilbidea ez ezik, emakume musikariek oraindik aurre egin behar dieten egiturazko zailtasunak ere izan ditu hizpide Iraia Cambrarekin batera.
Zozayaren esanetan, musikaren munduan «leku bat» izateak koherentzia propioa aurkitzea esan nahi du. «Mundu oso konplikatua da, eta bakoitzak barruko koherentzia bat behar du», azaldu du.
Behar batetik sortutako musika
Musikarekiko lotura oso goiz hasi zen. 12 urterekin konposatzen hasi zen, eta garbi du ez zela estrategia edo plan baten ondorio izan. «Behar bat zen. Konposatzeak irteera bat ematen zion barruko ezinegonari», adierazi du.
Hasierako urte haietan musika ihesbide moduan bizi izan zuela gogoratu du. Letra asko ingelesez idazten zituen, etxean ulertu ez ziezaioten. Gaur egun ere garai hartako purutasuna berreskuratzeko nahia sentitzen duela aitortu du.
Taldeetatik bakarkako bidera
Bere ibilbidean hainbat taldetan aritu da, eta esperientzia hori «altxor handia» izan dela dio. Talde batean egoteak musikalki hazteko eta sormen kolektiboa bizitzeko aukera ematen duela nabarmendu du.
Hala ere, bakarkako proiektua behar pertsonal batetik sortu zela azaldu du. «Nire ahotsa gehiago landu nahi nuen». Bakarrik aritzeak askatasuna eman diola dio, baina baita ardura handiagoa ere. «Zailena pertsonen gestioa da. Zure proiektuan jendea lanean badago, zaindu egin behar duzu, eta hori ez da erraza», adierazi du.
Autoexijentzia eta genero rolen pisua
Musikariaren ustez, emakume izateak askotan presio gehigarriak dakartza, askotan modu ikusezinean. Talde barruko dinamiketan rol jakin batzuk hartzera bultzatu dutela sentitu izan duela azaldu du: «Autoexijentzia handia dago. Eta askotan emakumeari lotutako irudia betetzeko beharra ere bai: goxoa izan, zaindu, konplazentea izan…».
Haserrea erakusteko ezintasunaz ere hitz egin du. «Batzuetan amorrua sentitu dut nire buruarekin, ezin izan dudalako momentuan erantzun, norbaitek nire burua gutxietxi duenean edo antzeko zerbait gertatu denean».
Bakardadea eta egoera matxistak
Bakarka ibiltzeak askotan bakardade handiagoa ekartzen duela aitortu du, bereziki egoera deserosoei aurre egitean. Kontzertu baten testuinguruan bizi izan zuen pasarte bat gogoratu du: teknikari batek txupatxus bat eman zion, keinua modu sexistatzat hartuta. «Momentuan paralizatuta geratzen zara. Gero bakarrik zoaz etxera kotxean eta pentsatzen duzu zer esan beharko zeniokeen».
Bere ustez, komentario edo keinu «txikiek» ere zauri sakonak aktiba ditzakete, eta horregatik beharrezkoa da kontzientzia handiagoa.
Irudia eta sare sozialen presioa
Bakarkako proiektuetan irudiak pisu handia duela onartu du. Emakume artistek askotan «beti ondo» agertzeko exijentzia dutela salatu du: «Energia pila bat kentzen digu. Badirudi beti guapa, prest eta perfektu egon behar dugula».
Sare sozialei dagokienez, erabilera kontziente baten alde agertu da. «Tresna bezala erabiltzen ditut, baina ia ez ditut kontsumitzen. Badakit zein den, sareek duten boterea».
Jaialdiak eta kuoten eztabaida
Jaialdietako emakumeen presentziaz galdetuta, oraindik bide luzea dagoela uste du. «Nork hartzen ditu erabakiak? Hor dago gakoa. Erabakiak hartzen dituzten pertsonak aldatzen direnean etorriko da benetako aldaketa». Kuoten inguruko eztabaida azalekoa dela dio, benetako gakoa beste nonbait dagoelako.
Halaber, jaialdi handiak gero eta gehiago «gertaera sozial» bihurtu direla iritzi dio, eta musikatik haragoko logikek baldintzatzen dituztela.
Emakumeen arteko sareak
Lehiakortasuna kanpotik sustatzen dela uste badu ere, euskal eszenan gero eta babes handiagoa ikusten du emakume musikarien artean. «Askotan pentsatzen dut: zenbat maite ditudan emakume musikari guztiak. Norbaitek zerbait polita egiten duenean benetan pozten naiz».
Elkarrizketaren amaieran, etorkizunerako helburu nagusi bat aipatu du: «Bideaz gozatu. Egunero momentu honetaz disfrutatzea».
Zozayaren hitzek erakusten dute musikaren industriak oraindik ere arrakala ugari dituela, baina baita elkarlanetik eta kontzientziatik eraikitzen ari den aldaketa bat ere.



