Zuzenean

Uneoro igandean euria egingo ote duen begira ari dira Seaskako arduradunak eta bolondresak. Garbi dagoena zera da: euria edo eguzkia egin, Herri Urrats berdin berdin egingo dela. Horretarako 2500 bat guraso lanean ari dira, bai egunean eta bai guneak montatzen. Hala, herritarrei bertara joateko deia egin die Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak.
Bi aldeak ditu Seaskak. Batetik, nahiz eta ume gutxiago sortu, proiektua handituz eta indartuz doa. Horrek behar eta hutsune gehiago dakartza. Beste aldetik, berriz, euskararen kontrako oldarraldia dago. Guraso eta ikasleek euskaraz ikasteko egiten duten apustua zapuzten saiatzen dira baxoa frantsesez pasarazteko derrigortasunarekin. «Eskubide zapalketa da», esan du Rodriguezek. Horretarako, mobilizazioa egingo du Araba gunean, 17:00etan: lehenik elkarretaratzea izango da, eta, ondotik, argazki erraldoia.
Urruñan gertatu moduan, ikastolen diru laguntzak murrizteko politikak etorriko direla ere uste du eta dena ikastolen eta euskararen kontrako oldarraldiaren baitan kokatu.
Donapaleuko lizeo berria
Egun Seaskak Baionan du lizeoa, Bernart Etxepare. Alabaina, asko hazi da proiektua eta eraikinaren gaitasunak gaindituta daude. Hala, barnekaldean, Donapaleun eraikiko du Seaskak lizeo berria.
Bistan da inbertsio handia dela, baina barnekaldea ere euskalduntzeko aukera emango du horrek. Gainera, Bernart Etxeparen arlo profesionaleko linea zabalduko da, Lanbide Heziketaren antzekoa. «Seaskak funtzio garbia du, euskalduntzearena», eta horretarako beharrezko proiektu guztiak martxan jarriko dituztela ziur da Rodriguez.
Araba Berria eta Nafarroa Badok izango dira musikaren gune nagusienak. Haietan joko dute Anje Duhaldek, Olaia Inziartek, Miruak, Janus Lesterrek, Lin Ton Taunek, Xiberootsek, Niña Coyote eta Chico Tornadok, Auhenek edota La Txamak. Lapurdi gunea jatekoari bideraturik egongo da.
Xiberoa gunean, aurten ere, esklusiboki dantza emanaldiek osatuko dute egitaraua; Gipuzkoan, ordea, kantuak hartuko du protagonismoa, bertso saio, Baiona Kantuz edota Kuma No Motorrekin.


