Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Adur Ramirez de Alda
Global Sumud Ontzidiko kidea

«Benetako arriskuan daude Thiago eta Saif»

«Zalantzarik gabe, pirateria kasu bat izan da», dio Adur Ramirez de Alda Euskal Herrira bueltatu berri den Global Sumud Ontzidiko kideetako batek, Israelek Greziatik gertu dauden uretan militarki esku hartu ostean, «misioak hasi bezala jarraitu egiten du, helburu berdinarekin», iragarri du. 

«Benetako arriskuan daude Thiago eta Saif»

Loading player...
Loiuko aireportuan harrera egin zieten ontzidiko euskal ordezkarietako batzuei.
Loiuko aireportuan harrera egin zieten ontzidiko euskal ordezkarietako batzuei. (Aritz Loiola | FOKU)

Pasa den astean Global Sumud Ontzidiko hamarnaka itsasontzi, jazarri, abordatu eta kasu askotan, matxuratu zein inkomunikatu ostean, tratu txarren artean atxilo eraman zituen Israelgo Armadak Saif Abushekek eta Thiago Avila ekintzaileak. 

Nazioarteko legedia eskuan bahiketa gisa jo daiteke, nazioarteko uretan eman zen-eta ontzidi zibilaren aurkako erasoa. Tortura salaketak gora-behera, eta astearte honetan jakinarazi dute atxiloaldia sei egunez luzatuko dutela.. Adur Ramirez de Alda zuzen mintzatu da NAIZ Irratian: «benetako arriskuan daude Thiago eta Saif». 

Euskal Herrira bueltatu behar izan den euskal ekintzaileetako bat da Ramirez de Alda. Haren kasuan, ez zituzten Greziara eraman, baizik eta itsaso erdian utzi zituzten Israelgo soldaduek, noraezean, euren itsasontzia matxuratu eta gailu elektronikoak zerbitzuz kanpo utzi ostean. Soilik soldadu sionistek topatu ez zuten irratiko kableari esker ahal izan zuten ostera kontaktatu ontzidiko beste kide batzuekin. «Itsaso erdian geunden motorra saboteatuta. Ia-ia atxilotuak izan ginen, tirokatuak izan ginen eta gero noraezean gelditu ginen nora joan jakin gabe, gure bizitzak arriskuan jarriz». 

Ekintzailearen arabera, «zalantzarik gabe, pirateria kasu bat izan da», Israelek euren aurka burututakoa, eta soilik mendebaldeko estatuek aitortzen dioten zigorgabetasunak ahalbidetuta. Aintzat hartu beharra dago, Gazako kostaldetik mila kilometro baino gehiagora eman zela erasoa EBko kide den Greziatik gertu eta herrialde horretan utzi zituzten ontzidiko kide asko. «Hori da garrantzitsuena Israelek egiten duela egiten duena konplizitatea daukalako, etxetik hasita». 

Une honetan, Global Sumud Ontzidiaren alde eta Israelek Gazan herri palestinarraren aurka burutzen ari den gehiegikeriak salatzeko Euskal Herritik lan egiten jarraituko du Ramirez de Aldak. Aurreratu du ordea, esku hartzetik salbu atera ziren 23 itsasontziek eta bidean batuko zaizkienek Gazarantz nabigatzen jarraituko dutela, arriskuak arrisku, «misioak hasi bezala jarraitu egiten du, helburu berdinarekin». 

Jaurlaritza Logoa