Zuzenean
«Memoriak ze bide egiten duen ikasteko beharrezkoa ikusten nuen»
Lander Garrok ‘Lutxi eta zuhaitza’ filma aurkeztuko du apirilaren 28an Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Dokumentalaren prozesuaz eta dokumentala osatzen duten geruza guztiez aritu gara sortzaile errenteriarrarekin.
«Memoriak ze bide egiten duen ikasteko beharrezkoa ikusten nuen»

1987an, Trintxerpen, Guardia Zibilaren esku hilik gertatu zen Lucía Urigoita ETAkidearen historia kontatzen du Lander Garrok ‘Lutxi eta zuhaitza’ film dokumentalean. Urigoitiaren familiaren abokatuaren eta forentseen bidez eraiki da narrazioa eta auziak izan zituen kontraesan eta zalantzak azaleratzen dira. Horregatik, Lander Garro gurera gerturatu da filmaren inguruan gehiago ezagutzeko.
Lan handiak eman dizkizuen dokumentala da ‘Lutxi eta zuhaitza’, eta era berean ikuslea dezente astindu dezakeen dokumentala ere bai.
Bai. Dokumentalak badauka zati fikzionatu bat eta zinemak badu beti alde txar hori: iragana kamera aurrrean jartzea ezinezkoa denez, nolabaiteko artefaktuak asmatu behar dituzu gabezia hori estaltzeko. Errekreazioak, ilustrazioak... egiten dira, nork bere estrategiak hautatzen ditu, eta guk errekonstrukzioak egitea erabaki genuen, eta horrek lan dezentekoa eman zigun. Batez ere intelektualki edo hori nola egin pentsatzeko orduan.
Eta, gero, Lutxi Urigoitiaren kasua bera ere bastante konplexua da, hari asko dituena, eta hori guztia harilkatzea ere konplexua izan da.
Hasieran ez nekien ze gisako dokumentala izango zen: izan zitekeen, esan dezagun, tradizionala, serioa, periodistikoa etabar, baina gero joan nintzen konturatzen izan behar zuela thriller modukoa. Nik ez dudanez sekula thrillerrik egin ez ditut hizkuntza horien mekanismoak ondo ezagutzen, eta ondorioz asko begiratu behar izan nuen, inprobisatu, eta neronek ere musika pista batzuk egin behar izan nituen, ez nintzelako gai musika egin duen mutilari esplikatzeko zer zen nahi nuena. Nik bukatu nuen ordenagailuaren aurrean, pista batzuk egiten, emateko behar zuen doinu poliziako hori. Egiteko bereziki zaila izan den dokumental bat izan da, bai.
«Historiak gure komunitatean nola biziraun behar duen agintzeko presio politiko handia dago; Lutxiren kasua ezkutuan mantentzeko desira ikaragarria egon da»
Aipatu duzu musika. Dokumentalak, minutajeari begira, musikaren presentzia dezentekoa du, baina momentu askotan, zuk aipatzen duzun geruza hori dago, tonua eman beharra.
Bai. Oso gai delikatua da soinuarena dokumentaletan. Bat-batean eduki dezake presentzia handiegia, ze egin melodiekin... Niri melodiak asko gustatzen zaizkit baina batzuetan protagonismo gehiegi hartzen dute eta gainera ez dira egokiak. Konplikatua da. Beste alde batetik badago pelikula musikarik gabe uzteko aukera, aukera arriskutsua, batzuk beregain hartzen dutena eta niri ikara handia ematen didana, halako hustasun sentimendu bat sortzen didalako, eta hala ere ausartu naiz eszena batzuetan, adibidez, Iñigo Iruin edo Paco Etxeberria hizketan ari direnean: erronka handia zen, sentitzen nuelako pixka bat pelikula erori egiten zela, baina tira. Oreka bat bilatu behar da azkenean. Sormen lan bat beti da hipotesi bat: demagun hau ongi dagoela eta ongi orekatua dagoela, baina hori ikusleari dagokio esatea.
Fikzioaren aldeko hautu hori, dokumentalaren kasuan, arriskutsutzat jo ohi da. Kasu honetan, uste dut ondo landu duzuela, artistikoki dokumentalaren kontakizuna osatzen duela.
Begira, niretzat bi klabe daude. Lehen klabea da gertakarien momentuan, alegia, Lutxi hil zuten momentuan, dokumentalak argi eta garbi esaten duela fikzioa dela, ikusten delako klaketa eta eszenatokia, hau da, ‘hau errekreazio bat da’ esaten da. Eta errekreazioekin gertatzen da pertsonaiak barneratu egiten dituzula eta, batez ere Lutxiren papera egiten duen Olaia Aguayoren kasuan, esango nuke momentu batetik aurrera oso Lutxirekin identifikatzea lortzen dugula.
Bai, hala da.
Esango nuke castingean asmatu egin genuela, Lutxi bezalako pertsonaje bat ezin zuelako edonork egin. Kuriosoa da, deitu geniolako aktore bati, Nerea Sanz aktore bikaina, eta berak pasa zidan Olaia Aguayoren zenbakia: ‘Badaukat lagun bat paper honetarako oso aproposa, deitu iezaiozu’. Deitu nion, ikusi ginen eta bera aukeratu genuen. Bi horiek dira errekonstrukzioaren emaitza balekoaren gakoak.
Gaia bera aipatu dugu: euskal gatazka, 80ko hamarkadaren amaiera, Estatu indarkeria, goardia zibila... dena nahasten da Lutxi Urigoitiaren hilketan. Dokumentalean helduleku askotatik aztertzeko apostua egiten da, hor daude Lutxiren iloba Gorka Imaz, Paco Etxeberria forentsea, Iñigo Iruin abokatua, Lutxiren lagunak, Jule Goikoetxoa filosofoa, Javier Buces historialaria... baina, zerk konektatu zituen dokumental hau egiteko?
Nere ama Trintxerpekoa da eta nere aitak bere lantokia Trintxerpen izan zuen beti, eta ondorioz, gu oso lotuta gaude Trintxerperekin. Eta Lutxi trintxerpen hil zuten. Orduan, gure etxean izan da izen berezi bat. Nik 12 urte nituen hil zutenean, baina gure etxean presentzia zeukan izen bat zen. Horrelako gertakari traumatikoak gertatzen direnean izen horrek hartzen du presentzia bat besteen bizitzan. Eta Otxandioko lagunek deitu zidatenean dokumentala egiteko proposamenarekin, gusto handiz onartu nuen, alde batetik iruditzen zitzaidalako oso ahanzturan eroritako kasu bat zela eta merezi zuela berpiztua izatea eta, bestetik, aipatu dizudan gertutasunagatik.
Lan forentse guztia antolatzea nahiko erraza izan da ze Paco eta Iñigo eduki ditut hura nola izan zen kontatzen, argi eta garbi kontatu dizkidate bi historiak: alde batetik poliziaren bertsioa eta beste aldetik beraien bertsioa edo, beraien bertsioa baino gehiago, poliziaren bertsioa puntu askotan bertan behera botatzen duen beste bertsio bat, edo beste bertsio multzo bat. Zaila da jakitea zer gertatu zen, ze lekuko bakarrak goardia zibilak dira, baina ondorioa garbi dago: Lutxi Urigoitia hil zuten eta beraiek ez zuten onartu nahi izan heriotza hori izan zela erahilketa bat eta ez, poliziak esaten duen bezala, tiro elkartruke bat.
«Pertsona hori, epailearen aurrean deklaratzera eraman behar zuten hori, sekula ez zen epailearen aurrera iritsi. Hilik gertatu zen poliziaren esku zegoenean»
Dokumentalaren amaieran Jule Goikoetxeak aipatzen du memoria bizirik irauteko mekanismo biologiko bat dela, eta hor sortzen da beste entrebistatuekin batera memoriaren, narratibaren eta memoria gatazkaren oso hausnarketa interesgarria.
Nolabait, thrillerrak hartzen du amaieran beste espazio bat eta beste kolore bat ere.
Bai. Nire dokumental zuzendari kutunen artean dago Patricio Guzman, Txileko estatu kolpearen gaineko ‘El botón de nacar’ dokumentala egin zuena. Bere irakaspenetik tira eginez konturatu nintzen dokumental honek ere bazeukala beste alde bat oso komenigarria zena kontatzea, eta da historiak nola irauten duen komunitate batean. Euskal Herrian begien bistakoa da historiak gure komunitatean nola biziraun behar duen agintzeko presio politiko handia dagoela. Hor sartuko ginateke datuaren bataila ospetsuan. Lutxiren kasuak izan ditu gorabehera handiak eta debeku handiak bere memoria berreskuratzeko: egin zuten mural bat eta ezabatuarazi zuten, bigarren mural bat egin eta ezatuarazi zuten plaka jarri eta kenduarazi zuten, omenaldia egin zioten eta omenaldiko jendea atxilotu zuten... badago jazarpen sistematiko bat eta badago Lutxiren kasua ezkutuan mantentzeko desira politiko ikaragarri tematia.
Hamarkadetan luzatu dena, 87an hil baitzuten Lutxi baina aipatzen ari zaren murala eta bestelako jazarpen instituzional-judizial horiek ondorengo hamarkadetan, oso gure egunetaraino iritsi dira.
Bai. Eta hor iruditzen zitzaidan Jule Goikoetxeak aipatzen duen hori, memoriak ze bide egiten duen gure komunitatean eta gure gorputzetan, kontatzeko oso abagune polita zegoela, nolabait ere historia bat kontatzeko debekuak gauza asko ukitzen dituelako, ez bakarrik berripaperak edo irratiak: hor geunden eta bizi izan genuen gertakari hori, eta gertakari hori nolabait gure baitan badago. Niretzat badago sakoneko gauza bat, inportantea dena eta ez dena bakarrik politikoa.
Geratu zaigu zerbait azpimarratzeko eta publikoarekin konekta dezakeena?
Nire asmoa hasieratik izan da pelikula polit bat egitea, zinematografikoki estimulantea izango dena eta jendea asebeteko duena zentzu horretan. Eta gero, gainera, aukera izan dute injustizia historiko bati ere erreparatzeko, isilean, ezkutatuta, kutxa gotorrean gordeta zegoen eta injustizia bat jasan zuen pertsona baten historia. Pertsona hori, epailearen aurrean deklaratzera eraman behar zuten hori, sekula ez zen epailearen aurrera iritsi. Inoiz ez zen iritsi epaitua izatera, eta hilik gertatu zen poliziaren esku zegoenean. Euskal Herrian zoritxarrez horrelako kasu pila bat ditugu eta niretzat guztiak gogoratzea oso bidezkoa da.


