Zuzenean
Hiztegia egiteko ideiaren nondik norakoei buruz galdetuta, «ontzigintza tradizionaleko piezak biltzeko prozesua izan dela» adierazi du Etxebestek. «Gaur egun portu eta ontzioletan egiten diren prozesuek ez dute antzik ontzigintza tradizionalarekin».
Horrelako lan bat osatu ahal izateko eman beharreko lehen urratsa dimentsionatze lana izaten da. «Mugatze aldera, ideia bezala, San Juan baleontzia hartu genuen eredutzat. Itsasontzi horietako elementuak ulertzea izan zen gauza garrantzitsuenetako bat. Zein laguntza hobe Albaola edo Euskal Itsas Museoa baino?». Etxebestek gehitu duenez, «zuhaitz moduko bat egiten da kontzeptuak sailkatzeko. Kontzeptu bakoitzak badu bere gaia».
Ekimenaren helburuen inguruan galdetuta, «helburua gai honi buruz diskurtso espezializatu bat egin nahi duenak hiztegi bat izatea, kontzeptu bakoitza izendatzeko zein hitz erabil daitekeen erakustea» izan dela aitortu du Etxebestek. «Euskaraz erreferente bat izatea euskaraz zein hitz erabiltzen den».
Hiztegiaren balizko hartzaileen inguruan galdetuta, publiko orokorrarentzat ere baliagarria dela esan du Etxebestek. «Arlo espezializatuan erabiltzen den hizkera mundu horretarako dela soilik pentsatzen da, baina hori ez da horrela. Pertsonaren batek hitz hauek izendatu nahi baldin baditu, hiztegia proposatzen dugu mundu guztiarentzat. Dibulgaziorako sortua da baina herritar guztiak erabil dezakete».
Entzun Iker Etxebesterekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.


