Zuzenean
«Ez da hor bukatu gure transmisioa, lasai egon, beti izango gara txikiak»
Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek elkarrekin sortu duten lana izan da ‘Mr. Eleizegi’, Altzoko Handiari eskainitako diskoa. Trikiti doinu klasikoetara itzuli da, soinu handia utzi eta txikia berriz hartuta. Udaberrian izango ditu diskoaren aurkezpen emanaldiak.
«Ez da hor bukatu gure transmisioa, lasai egon, beti izango gara txikiak»

Joseba Tapia, zer moduz?
Oso ondo.
Zuzen esango bagenu, Koldo Izagirreren eta bion diskoa da honakoa, ezta?
Bai, bion diskoa da, ez dago dudarik. Diskoaren azalean ere azpimarra egin dugu eta bion izenean dator diskoa. Testu guztiak Koldorenak dira eta doinu guztiak nik egin ditut.
Lehendabiziko abestiaren sarreratik euskal doinu klasikoagoetara jo duzula iruditu zait.
Trikitixako fandango zaharren zatitxoak eta erabili izan ditut betidanik. Justu disko hau, gainera, hamargarrena da. ‘Apoaren edertasuna’ izan zen lehena eta hark ere lehenengo kantan badu halakoxe klasiko baten zati bat.
Emaria bada, disko hura atera zenuela ere urte batzuk pasa direlako.
Bai, esango nuke 1998koa dela. Ez dugu zenbakitara ekartzen normalean, horregatik hamargarrena deitu diot.
Instrumentuak jotzen ondoan izan duzu Arkaitz Miner. Egin duzuen hautaketak Barroko garaiaren ostekora edo Erromantizismoaren atarira eramaten nau. Diskoaren gaiarekin lotura izango du, noski.
Ez naiz garaira eramaten saiatu intentzionalki, baina eskertzen dizut titulua-edo, izan ere askotan guk geronek ere ez dugu jakiten zer estilotan aritzen garen. Hemendik aurrera badut definitzeko modu bat, behintzat.
Sokek Barrokora eramaten naute nolabait ere, baina Eleizegiren sasoia beranduago etorri zen.
Harizko festa bat da, oso suabe, ez dugu abusatu horretan, baina bai. Ikusi besterik ez dago zenbat dauden. Arkaitzek berak mordo bat jo ditu eta nik ere beste zenbait bai.
Instrumentuak, gainera, ez dira izan biolina, biolontxeloa… Gertuen dagoena mandolina izango da. Hori ere bitxia da.
Nik uste dut baduela loturarik HIru Truku proiektuarekin. Hura eskola garrantzitsua izan zen niretzat. Mandolina, buzukia… han ezagutu nituen Bixente Martinezen eskutik eta, gerora, Arkaitzekin jarraitu egin nuen Tapia eta Leturarekin mandolina hartuta. Oraingoan triple kolonbiarra, tres kubatarra, buzukia… maitemindu egin naiz instrumentu horiekin guztiekin. Hala ere, saiatu naiz oso apal egon zitezen.
Ahotsak hartzen du protagonismoa, batez ere istorioa kontatzeko, ezta? Lehendabiziko kantuan, «Arrunta»-n, Altzon bizi zen garaian Miel Joxe Eleizegi pertsona arrunta zela kontatzen diguzue, adibidez.
Bai, justu arrunta ez zela eta erabili zuten haruntza eta honuntza. Bere gaixotasunagatik halako handia egin zelako, anormala-edo zela esan zuten. Guk, normala zen toki horretatik abiatu dugu.
Diskoa egiterako garaian dokumentazioan eta ez dakit zerbait ibili ote zareten edo herri kulturatik datorrenari jarraika egin ote duzuen.
Esan bezala, testuak Koldok eginak dira eta badakit dokumentazioan-eta lan eskerga egin duela Koldok. Baina guk gure metafora osatzeko hartu dugu pertsonaia, eta, hortaz, ez da lan bat bere horretan handiari buruzkoa. Ez da bere istorioa ekarri nahi bat, oso ezaguna baita. Guk baliatu egin dugu gehiago, behar bada. Disko osoa haren normaltasunari begira egin dugu, edertasunaren definizio oker bat dabil gure inguruan eta guk beste aldera begiratu nahi izan dugu.
Zein momentutan hasi zinen disko honekin lanean?
Denbora asko pasa da egiari zor. Uste dut 2021ean atera genuela azken diskoa, ‘Egon ala ez egon’, eta atera zenerako dagoeneko abiatuta izango ginen honekin. 2024an ateratzekotan bezala izan ginen, baina beti bazenez zerbait bukatu gabea eta abar, bada, 2025era arte atzeratu zaigu. Eta, bukatuta ere, oraindik beste kantu batzuk sortu ditu disko honek. Hortaz, uste dut sekulan ere ez genuela bukatuko eta bukaera bat eman behar zitzaiola eta horregatik bederatzi kantu bildu ditugu diskoan, baina baditu gehiago proiektu honek.
Pello Gorrotxategirekin grabatu duzue baina MIK estudioan.
MIK estudioan masterizatu egin dugu, grabatu Aiekan egin dugulako. Azken ukitutxo hori behar izaten du diskorako eta abar eta hori Aitor Garcia ‘Maikel’-ek, aspaldiko lagunak, eman dio bere estudioan.
Ez duzu plataforma batean ere zintzilikatu, zure web orrialdean eta Badok atarian soilik topa dezakegu.
Beno, eztabaida hori egiteke geneukan. Esango nuke horren inguruko eztabaidarik ez dugula izan artistok eta denok bertan sartu garela nola edo ahala, jakin gabe non sartzen ginen. Eta, behar bada, interesgarria izan da azken kolpe hau pixka bat guk ere begiratu dezagun gure transmisio horiek nola egiten ditugun. Non dabiltzan gure kantak, nork zuzentzen dituen konpainia horiek… eta, batez ere, guk agintzen ez dugun tokietan dabiltzalako abestiak. Orohar, teknologia honek horretara jarri gaitu denok. Berriz pentsatzeko aukera eman dit egoera honek, «ondo al zeuden gauzak?» bezalako galderak egin dizkiot nire buruari.
Pentsa, guk gure buruari iruzurra egin diogu, CDak ateratzen ditugu eta, gero, esaten dizut doan entzun dezakezula zure telefonoan. Hortaz, CDa desagertu egin da kasik, baina hor guk ere badugu gure errua. Ez dakit zer aterako den hemendik, baina nik uste dut polita izan dela geldiune hau gure artean hitz egiteko eta, behar bada, zerbait sortuko dugu. Edo behar bada ez. Baina polita litzateke zerbait sortuko bagenu, nahiz eta zaila izango den momentu berean denak hor sartzea, ulertu behar delako denok ere ez gaudela egoera berean. Baina, nik animatu nahiko nituzke nire kideak halako erabaki bat hartzera.
Gutxieneko eztabaida hori egin bai, baina gero dator horren lidergotza nork hartu, nola hartu… Beste hainbat gauza bezala, zeren, musikari sindikaturik ez dago oraindik behintzat.
Lanartean daukagu eta hor abiatu ginen euskaraz ari ginen bertsolariak, irudigileak, idazleak… ez soilik kantariak, gauden martxa edo desmartxa honetan kolpatuenak gu geu garelako eta ez dugulako amore eman nahi eta elkarren artean laguntzeko ere sortu genuen Lanartean.
Baina, berriz diot, zure webgunean jartzearena, gustatu zait.
Gauza da beldurtzen gaituztela. «Hortik ateratzen bahaiz, zer, auto-inmolatu egin behar al duk?», jesus, aspaldi auto-inmolatu ginen. Beraz, ez da hain beldurgarria hor ez egotea. Ez da hor bukatu gure transmisioa, lasai egon, beti izango gara txikiak, seguru, baita hor sartzen bagara ere. Hortaz, guk gure moduak asmatzea interesgarria litzateke.
Diskoa CD-an eta biniloan atera duzue eta Garbiñe Ubedak egin ditu diseinuak eta halakoak. Nola izan da prozesu hori?
Lanartean gaude elkarrekin eta irudigile askoz ere gehiago badabiltza. Nik uste antolatuenak haiek dabiltzala, gainera. Garbiñeri proposatu genion eta sorpresa izugarria izan zen nolako edertasuna emateko gai izan den kolore horretan eta nola eramaten zaitun garai bateko tokira. Uste dut oso egokia eta ederra den lana egin duela eta ez dakit behar bezain beste esan ote diogun, baina Koldo eta biok txundituta geratu ginen. Disko baten azalarena oso zaila da. Askotan esaten dugu kantua eta testua uztartzea zaila izaten dela, baina disko baten azalean proiektu baten esanahia adieraztea, ez da lan erreza. Zuk ideia bat izan dezakezu, txispazo bat, baina hori nola materializatzen den azaletan ez da ondo irteten askotan. Hortaz, Garbiñek erdiz-erdi asmatu du hemen eta erabat borobildu du gure lana.
Diskoa Altzon aurkeztu zenuten.
Bai, aukera bertan eman ziguten hau zuzenean probatzekoa eta hortxe joan ginen. Baina aurkezpen hori ez zen hain ofiziala izan, diskoa beranduago kaleratu baitzen. Koldok eta biok egingo ditugu aurkezpen kontzertu batzuk udaberrian, udan Tapia eta Leturiarekin ibiliko bainaiz berriz ere. Trikitixa eta ni izango gara musika kontuekin eta Koldo bere paperetan. Ez du diskoa bere horretan entzungo datorrenak, noizbait hamar diskoei errepasoa emateko saioren bat egin nahi dudan arren.



