Zuzenean
«Hogeita bat urteko gazte oreretarra da Mikel Markez, zeina musikan duela lauren bat urte hasi zen erdi brometan. Baina jendea berak egiten zuena serio hartzen hasi zenean izutu egin zen eta, dirudienez, gero eta serioagora joan da kontua, eta orain badirudi kantaria dela. Baina, bueno, kantaria izateaz gain, beste gauza asko da Mikel Markez: maitalea, parranderoa, laguna... hitz batean esanda, gaztea. Beste edozein gaztek daukan bizitza berdina daukana. Desberdintasun bakarra zera da, Mikel Markezek kantatu egiten duela. Ezin daiteke esan honek ez duela baldintzatzen, baina ahalik eta gutxien baldintza diezaion ahalegintzen da bera»
Horixe erantzun zuen Mikel Markezek 1993an Egin egunkariko Gaztegin gehigarrian. Urte batzuk pasa dira, eta disko ugari argitaratu ditu ordutik. Azkena, 'Gezurrari zor' izenekoa, argitartu berri duena. «Halaxe nintzen eta halaxe naiz; niri honen bueltan bizitzea egokitu zait, gitarraren eta kantuaren bueltan» esan digu diskoa aurkeztera etorri denean. «Orain distantziatik ikusita, gazte bat ikusten dut flipatua egongo zena bizitakoarekin. Denborarekin hori aparra bezala behera joaten da, orain ez dit arazorik sortzen kantari naizela esateak».
Gezurra kontzeptuarekin jolasean, bederatzi abestiko diskoa osatu du. «Kasu honetan, hausnarketarako kantuak egin ditut: 9 bertsolari, 9 gezur eta 9 doinu berri. Hautu kultural eta politikoa izan da» kontatu digu. Jon Maia, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Oihana Arana, Odei Barroso, Xabier Amuriza, Alaia Martin, Jon Sarasua eta Andoni Egoña izan dira gonbidatutako bertsolariak. «Banekien zeren inguruan galdetu bakoitzari, gezur bana gorpuzteko eskatu diet».
Aurreko lanetan bezala, gitarrarekin sortu ditu abestiak. «Hasiera hasieratik bide hori hautatu nuen, nik beti kantuak, gitarra soil batekin defendatu ahal izateko moduan sortzen ditut». Horrela, gitarrarekin, bi kanta eskaini dizkigu Bigarren Kafean.


